Abadiñoko Udalak eraikinen garbiketako zerbitzuaren publikotasuna aztertzeko konpromisoa hartu du, eta dagoeneko lehenengo neurriak hartu egin ditu langileen egoera hobetzeko, besteak beste haien oinarrizko soldata hobetzen.

Lehenengo urtean 22.000 euro gordin izango dira eta hurrengoetan 23.113. Kopuruhoriek langile bakoitzaren antzinatasunarekin eta plusekin osatuko dira. Oinarrizko soldata hori kontuan hartu beharko dute datozen asteetan lehiaketa publikora aterako dan eraikinen garbiketako kontratua lortu gura duten enpresek. Joan den barikuan, Gobernazio Batzordean, udaleko 4 talde politikoek hobekuntzen oinarrizko dokumentua adostu zuten. Gaur goizean aurkeztu zaie langileei, eta dagoeneko haiek onartu dute.

Horrela, Udalak, 2023ko martxoan eskaini zitzaien urteko 19.600 euroko zenbatekoa nabarmen handitzen duen akordioa lortu du langileekin. Soldaten igoera horrez gain, bere administrazio-pleguetan klausula bat sartzeko konpromisoa ere hartu du. Konpromiso horren arabera, zerbitzua kontratatzean hutsuneak –bajak edo/eta zerbitzu-orduak handitzea– betetzeko orduan, lehentasuna emango zaie lehenik eta behin lanaldiaren % 100era iristen ez diren langile propioei, eta, bigarrenik, udaleko lan-poltsan daudenei.

Eraikinak garbitzen aritzen diren langileek egindako aldarrikapenak bat datoz Udalak soldata duinak bermatzeko duen borondatearekin, eta, beraz, hobekuntza horiek zerbitzuaren kontratazioa arautuko duten pleguetan sartuko dira. Gainera, gobernu-taldeak urte eta erdiko epean zerbitzu hori soilik baliabide publikoekin ematea bideragarria den ala ez zehazteko azterlana egiteko konpromisoa hartu du, kanpoko enpresak kontratatu barik.