Martxoaren 22an, arratsaldeko 19:18ak aldera, Korrika sartuko da Traña-Matienatik. Geroago, 21:24ak aldera, Zelaietatik igaroko da berriro eta azkenik, 23:30ak inguruan, Urkiolatik. Hori dela eta, euskararen erabilera aldarrikatzeko hain berezia izango den egun hori ospatzeko, Abadiñoko Udalak egitarau zabala prestatu egin du, arratsalde osoan eta gau osoan garatuko dena.

Hilaren 22ko programazio berezia 16:30ean hasiko da txikientzako askariarekin, eta Iluntze Dantza Taldeak eta Street Danceko eskola-taldeak Traña Plazan (euria egiten badu eskoletako aterpean) eskainiko duten dantza-alardearekin. Behin Korrika Traña- Matienatik igarota, programazioa Zelaietako Txanporta plazara aldatuko da (euria egiten badu Probalekuan).

Horrela, 20:00etan hanburgesak banatuko dira. Txartelak (3 euro) martxoaren 18tik aurrera erosi ahal izango dira Errota Kultur Etxean eta Udal Mediatekan. Arratsaldea girotzeko, 20:00etatik 21:00etara, eta Korrika igaro ondoren, 22:00etatik 23:30era erromeria izango da Eingo Taldearekin. Aurreikusten denez, lasterketa 23:34ak aldera iritsiko da Urkiolara.

Gainera, aurrerapen moduan, datorren domekan, hilak 17, 18:00etan, “Bizkarsoro” (82 min. JB Euskera) film luzea proiektatuko da Errota Kultur Etxean. Bizkarsoro Josu Martinezek zuzendutako fikziozko film luzea da. Bizkarsoro ez da existitzen eta, era berean, Euskal Herriko edozein herri izan daiteke Bizkarsoro.

Bizkarsoroko biztanleak fikziozko pertsonaiak dira eta, era berean, euskaraz bizitzeagatik jazarriak izan diren pertsona guztiak Bizkarsorokoak dira. 1914 eta 1982 artean gertatutako bost istoriok osatzen dute filma. Ahozko lekukotzetan eta testu idatzietan oinarritutako fikziozko bost istorio dira. Gonbidapenak eskuragarri daude jada Errota Kultur Etxean eta Udal Mediatekan.

“Zorionez, Korrikak hiru ordutegi desberdinetan bisitatuko gaitu. Beraz, jendea emozionatuta dago, ospatzeko gogoz, eta asko inplikatu da Korrikari harrera egiteko prestaketetan. Egitaraua herriko hainbat elkarteren eta jende askoren laguntzarekin prestatu da. Jai giroko arratsaldea izango da, zirraragarria, gure hizkuntzaz eta kulturaz gozatzeko”, azpimarratu du Naiara Bildosola Hezkuntza eta Euskara zinegotziak.