Abadiñok martxan jarri du San Blas jaien inguruko argazki lehiaketa
Urtero bezala, Abadiñoko Udalak martxan jarriko du aurten ere bai San Blas jaien inguruko argazki lehiaketaren edizio berria. Aurten 800 euro banatuko dira sarietan eta, horrez gain, erakusketa bat egingo da Errota kultur etxean, otsailaren 19tik martxoaren 2ra ikusgai egongo dena, epaimahaiak aukeratutako lanekin.
Gaia San Blas 2024 da eta lanek originalak eta argitaragabeak izan beharko dute. Argazkiak 1.920 pixeleko JPG formatuan eta 72 dpi-ko bereizmenean aurkeztuko dira. Fitxategiek ezingo dituzte 2Mb gainditu. Lehiakide bakoitzak gehienez 2 argazki aurkeztu ahal izango ditu. Argazkia erakusketarako aukeratzen bada, bereizmen handiko fitxategia eskatuko da, 4.000 pixelekoa alde luzeenetik, 254 ppp-ko JPG formatuan.
Argazkiak sanblas@abadiano.eus helbide elektronikora bidaliko dira, eta egilearen datu pertsonalak dituen PDF fitxategi bakarra erantsiko da: aurkeztutako lan bakoitzaren izenburua, izen-abizenak, posta helbidea eta helbide elektronikoa, harremanetarako telefono-zenbakia eta egingo den erakusketan argazkiak erakusteko berariazko baimena. Lanak bidaltzeko epea otsailaren 11n amaituko da, 20:00etan.
Sari banaketa otsailaren 19an izango da Errota Kultur Etxean 19:00etan. Epaimahai kualifikatu batek obrarik onenak aukeratuko ditu. Lehenengo saria 400 eurokoa izango da, bigarrena 250ekoa eta 150 euroko accesita saririk jaso ez duen tokiko egilearen argazki onenarentzat. Aurkeztutako eta ondoren epaimahaiak hautatutako lanekin erakusketa bat egingo da. Oinarri guztiak Udalaren webgunean daude eskuragarri.