Síguenos en redes sociales:

Bizkaibusen autobus batek Gabonak eramango ditu Bizkaiko hainbat udalerritara

Bizkaibusen autobus batek Gabonak eramango ditu Bizkaiko hainbat udalerritaraBFA

Gabonetako pertsonaia esanguratsuenak Bizkaibusen ibilgailu batean ibiliko dira gaurtik hasita eta urtarrilaren 4ra arte. Abenduaren 23ra arte Olentzero eta Mari Domingi izango dira protagonistak, eta ondoren, ekimenaren amaierara arte, Errege Magoak. Hala, lurraldeko umeek euren gutunak eman ahal izango dizkiete.

«Gabonak Bizkaibus Tour 2023-2024» bira da Bizkaibusen aurtengo Gabonetako kanpainaren elementu nagusia. Ekimen horren bidez, Bizkaibus marka indartu nahi da, mugikortasun jasangarria sustatzeko erreferente gisa, eta, gainera, tokiko kultura eta turismoa bultzatu nahi dira.

Gaur Portugaletetik abiatu da autobus pertsonalizatua, eta datozen egunetan bere ibilbidea jarraituko du Balmasedan, Muskizen, Zallan, Trapagaranen, Mungian, Galdakaon, Erandion, Ermuan, Gernikan, Barakaldon, Durangon, Basaurin, Santurtzin, Sopelan, Sestaon, Leioan, Bermeon eta Getxon.

Autobusa helmugara iristen denean, alboetan agertoki dekoratu bat zabalduko da, non aktore batzuek Gabonetako pertsonaia tradizionalak antzeztuko dituzten. Hori guztia gabon-kanten musikarekin eta koloretako argiekin batera, Gabonetako giro magikoa sortzeko eta txikienen arreta erakartzeko.

Haurrak autobusean sartu ahal izango dira, Olentzerorentzako eta Errege Magoentzako gutuna eskura emateko. Bi sarbide izango dira: bata eskailera, eta bestea arrapala, mugikortasun urriko pertsonentzat. Gozokiez gain, oparitxo bana ere jasoko dute.

«Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko Sailak partaidetzazko komunikazio-ekintza bat planteatu nahi izan du, Bizkaibus protagonista izango den Gabonetako ospakizunei lotuta», azaldu du Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko diputatu Sonia Pérezek.

«Ekimen honen bidez, zenbait helburu lortu nahi ditugu: Bizkaibusen irudia indartu, Gabonetan Bizkaian zehar ibiltzeko bazkide fidagarri gisa; poztasun- eta komunitate-sentimendua sortu Bizkaiko herritarren artean; haurren eta beren familien parte-hartzea sustatu; eta Gabonetan autobus-zerbitzuaren ezagutza eta erabilera areagotu».

«Gabonak Bizkaibus Tour 2023-2024» bira indartzeko, kartelak jarriko dira Bizkaibusen markesinetan, eta irrati-iragarkiak eta online laguntza emango dira.