Idaho State Museum-en egindako ekitaldi batean, Bizkaiko Foru Aldundiak omenaldia egin nahi izan dio, Boiseko Jaialdia aprobetxatuz, Estatu Batuetan bizi diren jatorri bizkaitarreko euskal komunitateari.

Ekitaldiak, sinbolismoz beteak, euskal komunitatearen eta Estatu Batuetako euskal diasporaren arteko loturak indartu nahi izan ditu, eta, aldi berean, gure kulturaren eta nortasunaren indarra nabarmendu nahi du, gure mugetatik harago.

Ekitaldia Olatz Saituaren emanaldi hunkigarriarekin hasi da, zeinak Gernikako arbola interpretatu baitu. Ondoren, Xabi Paya bertsolariak topaketa bat dinamizatu du, zeina Bizkaiko ahaldun nagusiak ireki baitu bereziki bertan zegoen euskal komunitateari zuzendutako hitz batzuekin:

Elixabete Etxanobek nabarmendu duenez "ikusgarria da Bizkaia eta Boise lotzen dituen zubia; zubi sendoa; anaien arteko zubia. Urteetan zehar, kemenez eta gogo handiz landu izan den maitasun-zubia."

Idahoko bizkaitarrek Ameriketara emigratu zutenetik euskal kultura, baloreak eta nortasuna mantentzeko erakutsi duten "borondatea eta erabakitasuna" nabarmendu ditu ahaldun nagusiak. Eta eskerrak eman dizkie oraindik ere "komunitate aktiboa" osatzen dutelako, "gure ohiturak, gastronomia eta folklorea hemen proiektatzen dituen komunitatea".

Jarraian, XX. mendearen amaieran Boisera emigratu zuten zenbait bizkaitarrek beren esperientziak azaldu dituzte; hala, Javier Arrietak (Ziortza-Bolibar), Fermin Bilbaok (Arrieta), Ziortza Gandariasek (Galdakao) eta bizkaitar emigranteen ondorengoa den Itxaso Lorea Uriartek (Boise-Mungia) elkarrizketa bat izan dute Xabi Payarekin, eta azaldu dute zergatik emigratu zuten Estatu Batuetara eta nola integratu ziren Ipar Amerikako gizartean, beren sustraiak ahaztu gabe.

Bizipenak lehen pertsonan entzuteaz eta sentimenduak partekatzeaz gain, ekitaldia emozioz beteta egon da Nerea Ibarzabal eta Onintza Enbeita bertsolarien emanaldiari esker; izan ere, bertsolariek esperientzia horiek euskal kulturaren adierazgarririk handiena den moduan adierazi dituzte, hau da, bertsotan.

Omenaldia erromeria-erritmoan amaitu da, Xabi Aburruzagak Ai ze polita dan gure Bizkaia eta Bizkaia maite interpretatu ditu, eta Bizkaiko ahaldun nagusiak makila bat eman zien elkarretaratzean parte hartu dutenei bere esker onaren adierazgarri.

Ekitaldi honen ondoren, Gatibu talde bizkaitarraren kontzertuarekin amaitu da 2025eko Jaialdia Idaho Central Arenan.