Arrigorriaga, Basauri eta Getxotik igaro ondoren, Iñigo Sarriugartek komisariatutako Bosteko erakusketa ibiltaria Amorebieta-Etxanoko Zelaieta Zentrora heldu da aste honetan, eta bertan egongo da ikusgai abenduaren 12ra arte. 'Kaosetik kosmosera: unibertsoko paisaiak' izeneko erakusketak María Alonso Páez, Gorka Gondra eta Víctor Arrizabalagaren lanak jasotzen ditu. Hurrengo geralekua Leioa izango da, non abenduaren 15etik urtarrilaren 6ra bitartean egongo den.

Bosteko 23 erakusketa ibiltariaren programazioa Arrigorriaga, Basauri, Getxo, Amorebieta-Etxano eta Leioako udalen lan koordinatuari esker egin ahal izan da, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin.

‘Kaosetik Kosmosera: Unibertsoko Paisaiak’

Antzinako Greziatik, "caos" terminoa, erakusketaren izenburuaren hasieran dagoena (‘Kaosetik kosmosera: unibertsoko paisaiak’), unibertsoaren jatorrizko egoeran zegoen desordenarekin lotzen da, eta, beraz, kosmosa sortu aurretik zegoen hutsunearekin; bertan, materiaren eszenaratzeak artikulazio abstraktu eta informala zuen. Hortik abiatuta, unibertsoaren beraren antolamendua konfiguratu zuten askotariko egiturak eta izar-konposizioak sortu ziren, kosmosa finkatzeko. Hasieran hutsunea zen nagusi, baina unibertsoaren bilakaera hasierako nahasmenetik urrunduz joan zen ordenara bideratzeko, hau da, kaosetik kosmoserako igarobidea sortu zen, non elementu bakoitzak bere lekua eskuratu zuen, kausaren eta efektuaren legeari lotutako arrazoi baten pean.

Kaos hori María Alonso Páezen pinturan (Getxo, 1959) sinbolizatuta agertzen da, eta, era berean, entropiarekin lotzen du naturan dagoen desordena- eta nahasmen-maila aztertzean, bai eta termodinamikaren bigarren printzipioarekin ere, sistema bati datxekion nahasmenduan oinarrituta. Jatorrizko kaos horretatik abiatuta, unibertsoak haztapenerantz eta orekarantz jo du, eta faktore horiek sinbolizatzen dituzte Gorka Gondraren lan abstraktu geometrikoek (Mungia, 1978) eta Víctor Arrizabalagaren pieza organikoagoek (Mañaria, 1957), unibertsoan ezkutuan dauden sosegua eta egonkortasuna koka­tzea ahalbidetzen duten proposamenen bidez.

Caos-cosmos printzipio biak bereizi ezinak dira; hori dela eta, kontzeptu-premisa horren pean biltzen dira hiru artisten proposamenak. Binomio alterno horren bidez adierazitako unibertsoaren indarrek izar-formak sortzea eragiten dute, eta, aldi berean, suntsitzea, eta energiaren sakabanaketa eta horren ondorioz­ko irudikapen informal eta kaotikoa sortzen da. Hori, berriz ere, pintore getxotarraren paisaia sideralek bermatzen dute; azken batean, kaos berri batean desintegratzen diren sistema ordenatuak dira. Unibertsoaren eraikitze- eta suntsitze-ziklo hori bera sinbolikoki jasotzen da erakusketa-lagin honetan; izan ere, kaosetik ordenara eboluziona­tzen da, berriro ere ordenarik gabe geratzeko eta espazioaren ziklo hori etengabe berrabiarazteko.

Eremu astronomikoetan zera ulertzen da: orientazio guztietan bideratzen diren gas-emanazio galaktikoak kaotikoak izan ohi dira hasieran; horregatik, María Alonso Páezen margolanak prozesu hori bera erakusten du, eta, aldi berean, forma oro sortzen duen magma bezala azaltzen da, sistema bat domeinu mota konplexuago baterantz bultzatzen duen hitzaurrea sortuz. Kaosak aukera ematen du ordena kosmiko berera igarotzeko, eta hori modu adierazgarrian bultzatzen dute Gorka Gondra eta Víctor Arrizabalagaren proposamenek. Autore horien estetika konformazio abstraktu batean oinarritzen da, aldaera geometriko eta organikoetan, hau da, berau osatzen duten sekzioen arteko egitura-sistemez osatutako lengoaia batean.