Tokiko merkataritza eta ostalaritza establezimenduei bultzada bat emateko erronkarekin ospatuko ditu Gabonak Abadiñoko Udalak. Horretarako, herriko merkatari elkartearekin (AME) batera, erakusleihoen lehiaketaren edizio berri bat antolatu egin du.

Dekorazioa gutxienez abenduaren 4tik 23ra bitartean eduki beharko da, eta aldez aurretik eman beharko da izena, larunbata, hilak 18, baino lehen, amelkartea@gmail.com helbidera mezu elektronikoa edo 747 795 427 telefonozenbakira whasapp mezua bidaliz, establezimenduaren izena eta helbidea adieraziz. Lehiaketaren oinarri guztiak udalaren webgunean (Nobedadeak) daude jada eskuragarri.

700 euroko saria egongo da beherapen-kupoietan boto gehien jasotzen dituen erakusleihoarentzat, boto gehien jasotzen dituen bigarrenak 350 euro jasoko ditu beherapen-kupoietan, eta bozketan parte hartzen duten guztien artean 350 euroko saria zozkatuko da –5 eta 10 euroko kupoietan–.

Bezeroek gustukoen duten erakusleihoa bozkatu eta hala 350 euroko zozketan parte hartu ahal izan dezaten, boto-txartel bat euren datuekin bete, bere botoa jasotzen duen establezimenduaren izena adierazi eta botoa establezimenduetan bertan jarriko diren hautestontzietan utzi beharko dute.

Edurne Maguregui alkateordeak establezimendu guztiak animatu ditu parte hartzera, eta azpimarratu duenez, “erakusleihoen lehiaketaren bidez tokiko merkataritza eta merkataritza tradizionala dinamizatu gura dugu. Merkatarien eta ostalaritzako profesionalen lana aitortu, eta haien proposamen sortzaileekin Gabonetako jaietan udalerria animatu gura dugu”.

Abenduaren 27an, 13:30ean, Errota Kultur Etxean, egingo da botoen zenbaketa eta boto gehien lortu dituzten erakusleihoen sariak banatuko dira. Erakusleiho onena aukeratzeko bozketan parte hartu duten pertsonen arteko zozketa ere bertan egingo da.​