Azaroak 25, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira hainbat ekimen antolatu ditu toki administrazioak. Besteak beste, hitzaldiak eta arte eszeniko garaikideak biltzen dituen jarduera-programa bat eta gaur, 20.30etik aurrera Errota Kultur Etxean, Maider Lasa Santamaria gasteiztarraren Loa Loa, laguna performance musikatua ikusteko aukera izango da. Bertan, askotan emakumeek jasan izan duten indarkeria sinboliko eta kulturala islatzen duen euskal kantutegiko sehaska abestien bertsio ariketa burutuko da. Zentzu horretan ere, hilaren 24an, Las Kapritxosas taldearen Biolentzia matxisten aurkako 24 orduko konponketak kaleko pieza eszenikoa taularatuko da Pinu plazan. Egun gutxi falta dira azaroaren 25a aldarrikatzeko eta Naiara Bildosola Abadiñoko Udaleko Berdintasun eta Aniztasun zinegotziak indarkeria matxistaren aurkako borrokaren egungo egoera errepasatu du.

Zer nabarmenduko zenuke aurtengo programaziotik?

—Aurtengo programazioarekin hausnarketarako eta sareak sortzeko espazioak sortu nahi izan ditugu, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren adierazpen ezberdinetan sakonduz, izaera estrukturala, kulturala eta ekonomikoa azpimarratuz.

Zer laguntza, programa edo kanpaina bultzatzen ditu Abadiñoko Udalak indarkeria matxistari aurre egiteko?

—Abadiñosex programa daukagu, hezkuntza sexual-afektiborako eta indarkeria matxistaren prebentziorako programa, zeina gazteei eta bere inguruneari zuzenduta dagoen. Urte askotan indarrean egon den programa hau balorazio fase batean dago, indarkeria matxistaren prebentziorako tokiko estrategia indartsu bat eraikitzeko. Bestalde, emakumeenganako indarkeria matxistadun kasuan koordinatzeko Durangaldeko II Protokoloa daukagu.

Emakundek lagundutako ikerketa baten arabera, 65 urtetik gorako lau emakumetik batek indarkeria matxista pairatu du bere bizitzan zehar. Zer dela eta?

—Indarkeria matxistak adin, jatorri zein egoera sozioekonomiko desberdinetako emakumeei eragiten die, egiturazko indarkeria delako. Gaur egun mahai gainean daukagun arazo bat da mugimendu feministak egindako borroka luzeari esker, baina urte askoan guztiz izkutatu egon eta eremu pribatuko arazotzat hartzen zen, eta ez egiturazkoa den arazo sozial bat.

Era berean, datuek erakusten dute tratu txarrak jasaten dituzten emakumeak gero eta gazteagoak direla. Non dago arazoa?

—Egiturazko indarkeria den heinean, indarkeria hau sorrarazten duen erroetan eragin ezean inoiz ez da desagertuko. Azken urteetan hainbat aurrerapauso eman diren arren ez ditugu eraldatu indarkeria matxista sostengatzen dituzten balio eta sinesmen multzoak eta ondorioz, gure gazteak jendarte eredu matxistan sozializatuak izan dira. Beraz, belaunaldi berrietan indarkeria matxista desagerrarazi nahi badugu gizarte bezala ardura handia daukagu bestelako jendarte eredu bat eraikitzen. Dena dela, bitartean, ezinbestekoa izaten jarraituko du emakume gazteekin ahalduntzea, autodefentsa eta ahizpatasuna lantzea, eraso matxistei aurre egiteko tresna gisa. Eta gizon gazteekin, aldiz, maskulinitate hegemonikoa ezbaian jartzeko, norbere jarreratan zein berdinen arteko harremanetan indarkeria adierazpenak detektatzeko, eta horien aurreko posizionamendu indibiduala zein taldekakoa aktibatzeko ekintzak garatzea.

Oraindik bide luzea dago egiteko, baina zer pauso eman behar dira indarkeria matxista desagerrarazteko?

—Emakumeenganako indarkeria matxista emakumezkoen eta gizonezkoen arteko ezberdintasunen arteko muturreko adierazpena da. Alde batetik, indarkeria matxista sostengatzen eta ahalbidetzen dituzten balio eta sinesmen multzo hori irauli beharra dago. Baina beste alde batetik, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko egiturazko ezberdintasun horien lan egin beharko genuke. Izan ere, emakumezkook bizi ditugun askotariko arrakalek egoera hauskorragoan kokatzen gaituzte. Horregatik da hain garrantzitsua mugimendu feministak urriaren 30erako deitutako greba feministarekin bat egin eta zaintza eredu sistema eraldatzea.

Berdintasun eta Aniztasun zinegotzi bezala, herritarrentzako mezu bat?

—Denon ardura da urte guztian zehar indarkeria matxistari aurre egitea, eta ez soilik Azaroak 25 bezalako data esanguratsuetan. Udaletik urte osoan zehar hainbat espazio eta jarduera antolatzen ditugu gai hau elkarlanean lantzeko eta herritarrei dei egiten diegu horietan parte-hartzera.