Urte honen hasieran Abadiñoko herri barruko bideetatik ibilgailu astunen igarotzea mugatzen duen trafiko-ordenantza eguneratzea onartu zen, eta, beraz, udalerriko enpresetarako baimenduta daudenibilgailuak baino ezin izango dira sartu. Bestalde, maiatzaren amaieran Trañapadurako zubi berria ireki zen, kamioiak Traña-Matienako herrigunetik igaro ez zitezen.

Ibilgailu astunak herriguneetatik ibili ez daitezen Abadiñoko errepideetan aldaketak egin diren arren, oraindik zenbait kamioik berdin jarraitzen dute. Gobernu talde berriak egoera aztertu du udaltzaingoarekin, eta milioi askoko obrak egin ondoren ibilgailu astunentzako seinaleak ez zirela egokiak diagnostikatu ondoren, udalerri eta industrialdeetarako sarbide guztietan seinaleak berritzea erabaki du.

Izan ere, Abadiñoko Udalak oinezkoak lehenetsiko dituen hiri-mugikortasunaren aldeko apustua egin du, herritarren artean mugikortasun segurua, jasangarria eta osasungarria sustatuz. Hori dela eta, pertsonen joan-etorria ziurtatzeko eta biztanle-guneetan ingurumen-kalitatea hobetzeko, debekatuta dago 3,5 tona MMA baino gehiagoko ibilgailuak hirigunetik ibiltzea, berariazko baimenik ezean.

Seinale berriak jartzearekin batera, Udaltzaingoak, bulego teknikoarekin koordinatuta, informazio-kanpaina egingo du udalerrian dauden enpresa nagusiekin, zerbitzu logistikoek eta hornitzaileek helmugara iristeko egin behar duten ibilbidea ezagutu dezaten.

“Une honetan, ibilgailu astunek bide alternatiboak dituzte herri barruko bideak saihesteko, baina hainbat arrazoirengatik kamioiak sartzen jarraitzen zuten eta kexak zeuden. Seinale guztiak aldatu dira eta erabaki horrekin arazoak konpontzea espero dugu”, azaldu du Mikel Urrutia alkateak.