Síguenos en redes sociales:

Hilero bigarren igandean ospatuko da Abadiñoko Azoka

Tokiko artisautza eta produktuek (hala nola eztia, gazta, barazkiak, ogia, eta abar) protagonismo osoa hartuko dute Abadiñon hilero bigarren igandean, bertan ospatuko baita Abadiñoko Azoka delakoa. Lehenengo azoka hurrengo igandean egingo da, azaroaren 12an, Zelaietako Txanporta plazan. Euria egitekotan Probalekuan egingo da. Azoka 10.30ean hasi eta 14.30era arte luzatuko da.

Hainbat ekoizlek bultzatutako ekimenaren helburua bertako produktuarentzat eta artisautzarentzat hilero saltzeko eta jendearekin harremanetan jartzeko gunea eskaintzea da. Helburu nagusiak hauek dira: bizilagunei 0 kilometroko sasoiko produktuak erosteko aukera eskaintzea, inguruko ekoizleek eta sortzaileek euren produktuak eskaintzeko salmenta-puntu finko bat izatea, udalerria bisitatzen dutenentzat elementu erakargarri bat gehitzea eta ostalaritza bultzatzea.

Azoka hilabete bakoitzeko bigarren igandean egingo da, eta formatu txikiko ikuskizun batek animatuko du. Horrela, beste kultur talde batzuek plaza bera erabili ahal izango dute euren lanak erakusteko. Igande honetarako ber​tso saioa antolatu da. Egunero dozena bat postuk hartuko dute parte, erdiak nekazaritza-produktuak eta gainerakoak artisautza (forja, bitxigintza, jutea, pintura, larrugintza, etab.). Bertako ekoizleak eta ekoizle gonbidatuak egongo dira eta, ondorioz, jardunaldi bakoitzean azoka desberdina izango da.

​​“Martxan jarriko dugu, proiektu hau gauzatzearekin konprometituta gaude, gure iritziz, lehen sektorea dinamizatzeko ekimen interesgarria delako, eta, aldi berean, aisialdirako alternatiba eta Abadiño bisitatzeko elementu erakargarri bat eskainiko dugu”, azaldu du Edurne Maguregui alkateordeak.