Abanto Zierbenako Udalak poztasun osoz hartu du Bizkaiko Foru Aldundiak hartutako erabakia eta konpromisoa; izan ere, proiektuaren informazio publikoaren fasean familiek, Udaleko zerbitzu teknikoek eta beste zenbait entitatek proposatutako hobekuntzak aztertuko dituela adierazi du.
2023ko martxoan, berrien aldizkari baten bidez, Abanto Zierbenako Udalak herritarrei jakinarazi zien Aldundiak saihesbidearen proiektua hasiera baterako onetsi zuela. Gobernu Kontseiluak emandako onespenari esker, proiektua izapidetzen has zitekeen.
Izapide horretan hainbat zedarri daude, hala nola jendaurrean jartzea, hasierako proiektuari alegazioak egiteko epea, edo Udalari berari eta beste entitateei kontsulta egitea. Hori guztia hasiera batean aurkeztutako proiektua hobetze aldera egiten da.
Udalak aurkeztutako alegazioetan eragindako herritarrek egindako hainbat eskaera bildu dira; arreta berezia eman zaie eragina jasako duten Trinidad, Mortuero, Murrieta eta San Pedroko auzo-bideei, eta aintzat hartu beharreko beste hainbat neurri jaso dira, hala nola futbol-zelaiaren eta ur-deposituaren arteko ibilbidearen zati batean tunel faltsuaren lubakia, mugikortasun eta irisgarritasunaren gaineko eragina murrizteko, edo eragin handiena jasotzen duten etxebizitzentzat konponbideak ematea.
Proposamen horiek, eragindako entitate, erakunde eta familiek egindakoekin batera, amaierako proiektua hobetuko dute. “Udaletik ahalik eta konponbide onena eman nahi diegu egunero Las Carrerasek jasaten dituen bide-segurtasun, zarata eta abarreko arazoei. Eskerrak eman nahi dizkiegu herritarrei proiektu honetan izandako esku-hartzeagatik, interesa erakutsiz edo hobetzeko arduratuz. Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiogu Bizkaiko Foru Aldundiari berari, urte luzez pairatzen gabiltzan trafiko-arazoaren konponbidearekin izandako prestutasuna eta konpromisoagatik. Gure Udalarekin hartutako konpromiso hori nabaria izan da alegazioen epean, hasteko, alegazioak aurkezteko epe gehiago eman dutelako, eta, ondoren, eta are garrantzitsuago, teknikoki bideragarriak diren eta jasangarriak diren eskaerak hartu dituztelako eta behin betiko proiektuan sartuz”, azaldu du Iñaki Urrutia Abanto Zierbenako alkateak.