Datorren astean, urriaren 15ean zehazki, Galdakaok kirol-ekitaldi berezi bat jasoko du Duatloi Supersprint inklusiboaren lehenengo edizioarekin. Aurkezpena astelehenean egin zen, eta bertan parte hartu zuten Ivan Perez, Euskadiko Triatloi Federazioko zuzendariak; Richard Gomez, Mozoilo Triatloi Taldeko ordezkariak; Iñigo Hernando, Galdakaoko alkateak; Amets Iturbe, Gizarte Ekintzako zinegotziak; Asier Korta, Kirol zinegotziak; eta Iñigo Barrenetxea, egitasmoaren babesleen ordezkariak.
Otsailean, igeriketa sari inklusiboarekin Galdakaok zabaldu zuen ildoarekin jarraitu nahi du astelehenean aurkeztu zen probak; izan ere, Iñigo Hernando alkateak azpimarratu duenez, “mugarria jarri zen herrian”. Gaineratu du “ohorea” dela mota honetako ekintzak Galdakaon antolatzea eta zentzu berean, eskerrak eman dizkie probaren atzean dauden guztiei, bereziki Mozoilo Triatloi klubari “herria saretzeko egiten duen lanagatik”.
Asier Korta Kirol zinegotzia ere eskertuta agertu da antolakuntzarekin, eta esan du elkarte horiei esker “kirola herrira hurbiltzen” dela eta “herria kirolera”. Amets Iturbe Gizarte Ekintzako zinegotziak adierazi du “plazera” dela horrelako ekintzak Galdakaon egiten direlako. “Bultzada inportantea eman zion igeriketako lehiaketak inlkusioari”, esan du; azkenik nabarmendu duenez, “inklusiboa izateak ez du hautua izan behar, betebeharra baizik”.
Proban partaide guztiak baldintza berdinetan arituko direla eta batera aterako direla nabarmendu du Richard Gomezek: “pertsonen eskubidea da”. Galdakaoko Udalari eskerrak eman dizkio inklusioaren alde egindako lanagatik eta “gizarte erakuntzukizunerako proba” ere badela azpimarratu du.
Edonork parte ahal izango du duatloian, federatuek eta ez federatuek, eta hiru probez osatutakoa izango da: 2,10km korrika, 8,75km bizikletan eta 1,07km oinezko martxan. Herri barneko ibilbidea izango da gainera, eta bizikletan Erletxeko biribilguneraino joango dira parte hartzaileak. Euskadiko Txapelketa ere jokatuko da proban.
Ivan Perezek ere eskerrak eman dizkie Mozoilo Triatloi Klubari eta Galdakaoko Udalari. “Duatloiak federazioari hazteko aukera emango dio”, esan du Euskadiko Triatloi Federazioko zuzendariak.
Honako aukera hauek izango ditu urriaren 15an, goizeko 10:00etatik aurrera jokatu den probak:
- Gizonezkoen proba federatua
- Emakumezkoen proba federatua
- Proba herrikoia: bikoteka ere parte hartu ahal izango da.