Síguenos en redes sociales:

Sute baten aurrean nola jardun behar den jakinarazteko kartelak banatuko ditu Aldundiak

Sute baten aurrean nola jardun behar den jakinarazteko kartelak banatuko ditu AldundiakBFA

Sute batean aurrean kontuan hartu beharreko oinarrizko jarraibide eta segurtasun-gidalerroz hornitutako 28.600 kartel diseinatu eta banatu egin dituzte Bizkaiko Foru Aldundiko eta Bilboko Udaleko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu zerbitzuek. Gaur goizean aurkeztu egin dute etxebizitza-eraikinetan gertatutako suteei aurre egiteko 'Itxi atea suari' izeneko kanpaina berria.

Bizkaiko herritar guztiei zuzendutako ekimen honekin, foru- eta udal-suhiltzaileek nabarmendu nahi dute suteak daudenean zuzen jokatzea zinez garrantzitsua dela erkidego osoaren segurtasunerako. Mota horretako egoera baten aurrean auzokideek behar bezala erantzuteak alde handia eragin dezake, gela bakar batean gertatutako sute txiki baten eta sute orokor baten artean, non erkidegoko eskailera kez bete eta familia asko arriskuan egon daitezkeen.

Ildo horretatik, Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru-diputatuak adierazi du prebentzioa oso garrantzitsua dela, bizitzak salbatzeko balio baitu, eta jarduketa hori konpromiso kolektibo baten esparruan sartu du: "Sute batean erabaki egokia hartzea erabakigarria izan daiteke erkidego osoaren segurtasunerako. Ekimen honen muinean funtsezko uste bat dago: larrialdirik onena gertatzen ez dena da. Prebenitzea lortzen dugun hori, hain zuzen. Kartel horien bidez, Bizkaiko milaka etxetan funtsezko informazioa emango da larrialdi baten aurrean nola jardun behar den erakusteko, eta horri esker etxeak eta erkidegoak espazio seguruagoak izango direla espero dugu".

Ildo beretik, Bilboko Udaleko Segurtasun zinegotzia, Amaia Arregi, pozik agertu da prebentzio-kanpaina hau martxan jartzeagatik, eta auzokideen komunitateen lankidetza eskatu du "Garrantzitsua da kartel horiek igogailuan edo eskaileran jartzea, ikusteko moduan egon daitezen eta herritar guztiek jarduteko jarraibideen berri izan dezaten; izan ere, urtez urte areagotzen ari dira etxebizitzetako suteengatik egindako esku-hartzeak; gainera, badakigu ezbehar horietako asko deskuiduan gertatzen direla eta, norbera babesteko neurri jakin batzuk kontuan hartuz gero, ekidin edo minimizatu daitezkeela".

Oinarrizko jarraibideak pertsona guztien eskura

Foru- eta udal-suhiltzaileek gutuna bidali diete Bizkaiko 112 udalerrietako bizilagunen erkidegoetako presidenteei, ekimenaren berri emateko eta haien laguntza eskatzeko. Kartelak bi bertsiotan egin dira, euskaraz eta gaztelaniaz, eta formatu autoitsasgarrian. Posta arruntez bidali dira aste honetan bertan Bilboko 8.000 auzokideen erkidegotara eta Bizkaiko gainerako 20.600 erkidegoetara. Eraikinetan jartzeko diseinatu dira, ikusteko moduko lekuan egon daitezen, hala nola atarietan edo igogailuetan, horrela, erkidego osoak jarraibideak erraz eskuratu ahal izan ditzan. Gainera, QR kode bat dute mugikorretan deskargatu ahal izateko.

Itxi atea suari

Eraikuntzari buruzko araudietan ezarritako babes pasiboko neurriez gain, funtsezkoa da herritarrek sute baten aurrean nola jokatu behar duten jakitea, bai nork bere burua babesteko, bai sutearen beraren garapena mugatzeko eta sutearen ondorioz egon daitezkeen kalteak minimizatzeko.

Oinarrizko ohar horietan adierazten denez, 112ra deitzea beharrezkoa eta funtsezkoa den arren, lasai egon behar gara, arinegi jokatu gabe. Lehenik eta behin, nork bere burua babestu behar du: ahal bada, irten; bestela, ketik ahalik eta gehien urrundu eta ateak itxi.

Sua hartu duen gelako edo pisuko ateak ixtea erraza eta erabakigarria da: herritar askok ez daki hori egiteak alde handia ekar dezakeela, izan ere, pertsona asko arriskuan jartzen dituen eskala handiko sute bat izan ordez, gela bakar batean konfinatutako sute txiki bat izatea lor daiteke. Ateak ixtea funtsezko keinua da eskaileraren zuloa kez bete ez dadin edo sutea gertatu den gelan konfinatu dadin.

Eta, behin norbera egoera seguruan dagoenean, larrialdietako telefonora deitu eta leihotik norbera ikusarazi behar du, suhiltzaileak iristen diren arte.

Era beran, etxebizitzan ke-detektagailu bat instalatzea gomendatzen dute, oso prebentzio-neurri gomendagarria baita. Banakako bateria duten detektagailu autonomoak merkeak dira eta erraz jartzen dira etxeetan.

Ekimena babesten duten datuak

Azken hamar urteetan, Estatuan 150 eta 200 pertsona artean hil dira urtean, etxebizitzetan sortutako suteen ondorioz.

2015az geroztik eta gaur arte, Bizkaia osoan (Bilbo barne) 27 pertsonak bizia galdu dute mota horretako suteetan. Azken bost urteetan hamaika heriotza gertatu dira. Heriotza horien % 75 inguru etxeko suteetan gertatu dira, eta adinekoak izan dira bereziki kaltetuak. Etxebizitzetako biktimen % 66 eraikin kolektiboetakoak dira, eta familia bakarreko etxebizitzetakoak, berriz, % 34.

Neguko hilabeteetan, gainera, sute gehiago izaten dira, etxebizitzak berotzeko bero-iturriak erabiltzen direlako. Egongela da arrisku handieneko etxeko gela. Sugarrak eragiten dituzten arrazoien artean, aipatzekoak dira tresna elektrikoen erabilera desegokia eta berogailu, tximinia eta sutontzien erabilera.