Emakume Sortzaileen Merkatuaren hirugarren edizioak badu data. Urriaren 29an ospatuko da, hau da, lau igande barru, Sestaoko San Pedro plazan. Merkatua goizeko 10ean irekiko da, eta 14.30era arte egongo da zabalik. Sestaoko Udaleko Berdintasun sailak aurreko bi edizioek izandako arrakasta errepikatzea espero dute.

Yaiza Castillero Sestaoko artisaua eta ekimenaren sustatzaileetako bat da, Berdintasun Arloarekin batera, ekitaldia antolatzeko lanean dabilena; eta haren hitzetan, merkatua "Sestaoko eta inguruko udalerrietako emakume sortzaileei babesa eta aitortza emateko gunea" de, eta horren bidez "sortzaileak eta haien lanak jendaurrean ikusgarri egiten saiatzen gara, emakumeei espazio publikoan zor zaien lekua emanez eta haien ahaleginari eta lanbideari merezi duten garrantzia aitortuz".

Azokan parte hartzea doakoa da. Aurten, Berdintasun Arloak 24 saltoki izango ditu eskuragarri, Euskal Autonomia Erkidegoko edozein lekutatik etorrita, azokan parte hartu nahi duten adin nagusiko emakumeentzat, betiere Sestaon erroldatutako emakumeei lehentasuna emanik.

Merkatuan erakusgai izango diren artikulu eta zerbitzuei dagokienez, aurreko bi urteetako esperientzia kontuan hartuta, besteak beste, honako hauek izatea espero da: moda, bitxigintza, osagarriak, kosmetika naturala eta zeramika. Alde horretatik, antolakuntzak ezarri duen baldintza bakarra produktuak erakusleek berek eginak izatea da.

Joan den ostiraletik urriaren 8ra arte zabalik egongo da beren artikuluak erakusteko interesa duten emakume guztiek izena emateko epea. Izena emateko, udalaren webgunean sartu behar da, eta horretarako prestatu den formularioa bete. Gainera, erakusgai izango diren produktuen 5 argazki, izen-abizenak eta proiektuaren/markaren izena adieraziz, bidali beharko dira helbide elektroniko honetara: sestaokoemakumesortzaileak@gmail.com.

Aurten, nobedade gisa, eta merkatuari eduki eta dinamismo handiagoa emateko asmoz, 14 urtetik gorako emakumeentzat doako bi tailer antolatuko dira, lehenengoa zeramika artistikoa eta bigarrena kosmetika naturala lantzeko.Tailer horietan parte hartzeko, lehentasuna emango zaie Sestaoko bizilagunei.Haietan izena emateko, harremanetan jarri behar da Udaleko Berdintasun Arloarekin, 94 472 90 37 telefono-zenbakira deituz, berdintasuna@sestao.eus helbidera mezu bat bidaliz edo Emakume Sortzaileen Merkatuaren liburuxkan agertzen den QR Kodearen bidez eskuratu daitekeen inskripzio-inprimakia betez.​