Síguenos en redes sociales:

Baffest jaialdiko finalisten lanak ikusgai egongo dira Barakaldoko kaleetan

Gaurtik aurrera eta urriaren 31ra arte ikusi ahal izango dira Barakaldoko kaleetan Baffest 2023 jaialadiaren finalisten ehun argazki baino gehiago. Gaur goizean, agintariek eta argazkilariek inauguratu dute aurtengo edizioa Bide Onera plazan. Gainera, jarduera osagarriz hornitutako egitarau oparoa dakar ekimenak eta, guztien buru, Baffest 2023 Emakume Argazkilarien 8. Lehiaketaren txapel horia jantziko dute irabazleek.

Honako hauek parte hartu dute aurkezpenean: Amaia del Campo Barakaldoko alkatea; Begoña de Ibarra Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendaria; Miren Elgarresta, Emakunderen zuzendaria; Aitziber Atorrasagasti Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendaria; Carmen Dalmau 8. Baffest lehiaketaren komisarioa; eta Sara Berasaluce eta Yone Estívariz, lehiaketaren zuzendariak. Labur-zurrean, guztiek eman dituzte garrantzi handia hartzen ari den edizio honen xehetasunak, ekimenak bereizgarri duen txapel horia zeharo sustraiturik dagoela.

Aurkezpenaren ondotik, agintariek eta hedabideek Meritxell Ahicart (Valentzia) argazkilariaren erakusketa bisitatu dute Bide Onera plazan bertan. Argazkilari horrek Baffest 2022 Emakume Argazkilarien 7. Lehiaketa irabazi zuen, Tania Barrenetxearekin (Bizkaia) batera. Bigarrenaren lana Clara Campoamor kultura-etxean egongo da ikusgai.

Emakumeek egindako argazkirik onenak Barakaldon izango dira ikusgai hilabete osoan. Barakaldoko Udalak sustatu du Baffest jaialdiaren 8. edizio hau, Fotopop Producciones Culturales-en eskutik; argakilaritza, arte-adierazpide gisa ulertuta, jende ororengana hurbiltzea du helburu ekimenak, herrian egunero-egunero erabiltzen diren leku publikoetan jarritako argazkiak erabiliz.

Zehatz esanda, aurtengo edizioak 12 argazkilariren argazkiak ekarri ditu Barakaldoko kaleetara: 9 finalistenak, Estela de Castro artista gonbidatuarenak, eta Baffest 2022 Emakume Argazkilarien 7. Lehiaketaren irabazle izan ziren Tania Barrenetxea eta Meritxell Ahicartenak. Baffest jaialdiaren 8. edizioan estatuko lehiaketako partaideak nabarmendu dira; izan ere, aurtengo jaialdian parte hartuko duten 12 argazkilarietatik 11 lehiaketa horretatik datoz.

Urriaren 7an, Baffest Argazki Asteburuaren esparruan, Clara Campoamor kultura-etxean, Baffest 2023 lehiaketan parte hartzen ari diren 9 finalistek euren lanak aurkeztuko dituzte epaimahaikideen aurrean. Geroago, arratsaldean, 19:30ean, bi sariak ebatziko dira: Barakaldo Saria eta Baffest Saria, eta txapel horia jantziko dute irabazleek.

Amestutako txapel ikoniko horia

2023ko edizio honetan, Baffestek aurrez aurreko harremanak nabarmendu eta, estatuan, argazkigintzaren arloan lan egiten duten argazkilarien eta eragileen arteko loturak sortu nahi izan ditu, bide horretan bitarteko eta ahalegin gehiago inbertiturik. Horrela, esparru horren baitan, txapel horia are ikonikoago eta desiratuago bilakatzen da.

«Jaialdian bertan sortu zen eta Baffest lako apustu baten jatorri deitura ematen digu, non eta Barakaldon, hots, eragile bihurtzeko eta hiria bera eraldatzeko tresnatzat kultura hautatu duen leku batean. Hala, lehengo lokarri eta harremanei esker, tokiko eta euskal ingurumaritik estatura hedatu den egitasmoa eratu da, bidea urratuz eta argazkilariak ikusarazten nahiz euren artean harremanetan jartzen dituen topagune gisa handituz. Txapelaren ideia aurreko edizioan sortu zen eta estatu osoko argazkilariek desiratu eta amesten duten elementu ikoniko bilakatu zaigu du», azaldu dute Fotopop Producciones Culturales-eko arduradunek.

9 finalistak eta erakustokiak

Barakaldoko Baffest aurrera doa, bideko aldi guztiak beteta. Horretara, ekainean, Baffest 2023 Emakume Argazkilarien Lehiaketako 9 finalistak izendatu ziren. Antolatzaileek aurtengo edizioaren balantze ona egin dute, parte hartze arrakastatsuari eutsi baitio lehiaketak, 150 lan aurkeztu baitira.

Honako hauek dira Madrilen, Valentzian, Gasteizen, Bilbon eta Donostian egin ziren ikustaldietan hautatutako 9 finalistak:

  • Ana Pecci ¿ Miranda
  • Carolina Diego ¿ Eritrosina
  • Dana Balajovsky ¿ Peluche (Peluxea)
  • Eva G. Herrero ¿ La isla de las urracas (Miken uhartea)
  • Maider Jimenez ¿ Aquí ninguén fala diso (Hemen inork ez du horretaz hitz egiten)
  • Malu Reigal ¿ Manolete
  • Miriam Montano ¿ Bilis Negra (Behazun beltza)
  • Paula Tudela ¿ Das ende (Amaiera)
  • Paula Yubero ¿ Papá me llama princesa (Aitak printzesa derizt)

Erakustokiak:

  • Bide Onera plaza - Estela de Castro
  • Foru ibiltokia - Estela de Castro
  • Eskulturen parkea - Finalistak
  • Hizkuntza Eskola - Meritxell Ahicart
  • Clara Campoamor kultura-etxea - Tania Barrenetxearen erakusketa (barruan)

Carmen Dalmauk, Tamara Garcíak eta Susana Marrek osatutako epaimahaiak Baffest 2023 Emakume Argazkilarien Lehiaketan parte hartu duen argazkilari baten lana aukeratuko du; horixe izango da irabazlea, eta 500 euroko saria jasoko du. Bestetik, beste argazkilari baten lana hautatuko dute, Barakaldo 2023 sariaren irabazlearena, hain zuzen, eta horrek ere 500 euroko zenbatekoa poltsikoratuko du. Hasteko, 9 finalistek bi sariok eskuratzeko modua izango dute. Gainera, lehiaketako bi irabazleen banako erakusketa jarriko da 2024ko edizioan (jaialdiaren kontura ekoitzitakoak).

Baffest Argazki Asteburua, urriaren 7an eta 8an

Baffest Argazki Asteburua hotsandikoa izango da. Urriaren 7an hasiko da, Euskal Herriko eta estatuko parte-hartzaile guztiei harrera eginda. Larunbatean, goizetik hasita, ikustaldiak egingo dira Clara Campoamor kultura-etxean eta, Carmen Dalmauk gidatuta, Bide Onera plazatik abiatuko den bisitaldia egingo da, Roberto Villalón eta edizioan parte hartzen duten argazkilari guztiekin batera. Bisitaldia amaituta, herri-bazkaria izango da.

Arratsaldean, 17:00etatik 21:00etara, Clara Campoamor kultura-etxeko entzugelan, hainbat eduki eskainiko dira: María Azkarate, 2020ko lehiaketako irabazlea, Bilboko Arte Ederren Museoan ikusgai dagoen Bilbao Metropoli 30 erakundearentzat eginiko proiektuaz arituko da; jarraian, Rocio Lópezek, Arabako Argazkilaritza Elkarteko koordinatzaile eta BAFFEST 2023 lehiaketaren epaimahaiko kideak jardungo du; María Hernándezek, 2022ko lehiketako finalistetako batek, liburu-eitea hartu duen bere azken lanaz hitz egingo digu; eta ekitaldiaren amaieran, 20:00etan, irabazleen izenak iragarriko dira eta kolore horiko txapel bereizgarria jarriko zaie.

Urriaren 8an, igandean, eguerdiko 12:00etan, Laura San Segundo argazkilariak, 2022ko lehiaketako finalista izan zenak, erretratuen saioa egingo du bertan parte hartu nahi duten pertsona guztiekin, Barakaldoko Eskulturen Parkean.