Aurrera doaz pixkanaka-pixkanaka Artxandako tuneletako ordainlekuaren segurtasuna digitalizatu eta hobetzeko lanak. Gaur goizean, irailaren 25ean, erdiko bideei eragingo dieten obren lehen fasearekin aktibatu egin dira berriro obrak.
Obrak udaberrira arte luzatuko dira eta hiru fasetan egingo dira, erabiltzaileen segurtasunari lehentasuna emanez eta eragozpenak minimizatuz. Prozesua kontrol-eraikinetik urrunen dauden bideetan hasiko da, Bilborako norabidean, eta Txorierri norabidean eraikinaren inguruko bideetarantz egingo du aurrera, eta bi noranzkoetan erdiko bideetan amaituko da. Aldi horretan ordainpeko bi bide egongo dira martxan noranzko bakoitzeko, "free flow" bideez gain.
Eguneratze honen barruan ordainlekuko ekipo guztiak ordezkatuko dira bide guztietan ordaintzeko metodo ugari eskainiz. Horrez gain erdiko bidea itzulgarria izango da, trafikoaren beharretara egokituta.
Iraunkortasunaren ikuspegitik bideetako markesina berrituko da eguzki-panelak instalatzeko eta ordainlekua eta kontrol-eraikina autohornitzeko energia sortuko da. Aldi berean kontrol-eraikina eta inguruak erabat berritzen ari dira.
Eraldaketa hau abuztuaren 16an hasi zen, alboko bideetan 'free flow' sistema ezarri zenean Bilborako norabidean, horrela ibilgailua gelditu gabe ordaintzeko aukera emanez. Irailaren 10ean Txorierrirako bidean ere aktibatu zen sistema hori. Erabiltzaile askok ondo hartu dute berrikuntza hau, 40 km/h-ko zirkulazioa mantentzeko aukera ematen duelako eta erdiko bideekiko mendekotasuna murrizten duelako.