Ekitaldiz beteriko egitaraua prestatu egin du Bermeoko Udalak irailaren 24tik urriaren 1era bitartean ospatuko den Euskadiko Klimaren eta Energiaren Astearako. Asteklimaren laugarren edizio honen helburua herritarrak klima-aldaketaz kontzientziatzea eta sentzibilizatzea da, besteak beste.

Ekimen horren barruan, irailaren 24an, Udalak, SOS Gaztelugatxeren bidez, informazio-txango bat antolatu du Gaztelugatxeko San Juan inguruetara. Irteera honetan, besteak beste, Lurgorri eta Urizarreta arteko tartea zein egoeratan dagoen ikusiko da, azalpen geologiko-biologikoak emango dira eta Gaztelugatxeko behatokiaren egungo egoera azalduko da.

Irailaren 25ean, astelehenean, Eider Gotxi Aurtenetxeak “Guggenheim museoa Urdaibaien” hitzaldia eskainiko du Nestor Basterretxea aretoan, 19:00etan. Gainera, irailaren 26an, asteartean, Aitor Urresti González EHUko irakasle eta Trantsizio Energetikoko ikertzaileak “Komunitate Energetikoak” gaiari buruz egingo du berba. Irailaren 27an, asteazkena, itsasertza antolatzeko planei buruz arituko den Ainhize Uriarte Bilbaoren txanda izango da, eta irailaren 28an, osteguna, Martin Lasa Bengoak Bermeo eta klima aldaketa izango ditu hizpide.

Astea ixteko, irailaren 29an, ostirala, Ricardo Gamaza kazetariaren “Cloacas: los negocios sucios del agua en Euskadi” dokumentalaren proiekzioa egingo da Nestor Basterretxea aretoan eta amaitzeko, urriaren 1ean, Lameran, 10:00etatik 14:00etara, txikienek Motx pailazoaz, Ura garaz eta MB 2000z gozatu ahal izango dute.

“Jarduera horien bidez, Udalak planetaren babesarekin konprometitzeko eta etorkizun jasangarriaren eraikuntzarekin ilusionatzeko espazioak eskaini gura ditu”, azpimarratu du Nemeh Shomalyk.

Asteklima azoka 2023

Urriaren 1ean, udalerrian Asteklima Azoka egongo da, Ihobek, EEEk, Udalsarea 2030ek, Ekoetxea sareak eta LIFE Urban Klima 2050 proiektuak sustatutako ekimena. Azoka horrek besteak beste, klima aldaketa, etxeko ohiturak, mugikortasuna, aisialdia eta kontsumoa jorratuko dituzten hainbat karpa izango ditu. Helburua, klima-aldaketaren ondorioei eta eguneroko ohiturak egokitzearen garrantziari buruz familiak kontzientziatzea da, keinu txikiekin horiek arintzen eta egokitzen laguntzeko.