Kostaldean ospatzeaz gain, Busturialdean badira landa guneko hainbat udalerri Andra Mari jaiak ospatzen dituztenak. Murueta da horietako bat, eta horrexegatik, datorren asteburuan –irailaren 8tik 10eraino– hainbat ekimen antolatu dituzte. Guztien artean aipagarrienak akaso izan litezke gastronomiaren inguruan antolatutakoa, batez ere paella eta tortilla lehiaketak, larunbatean ospatuko direnak, irailaren 9an zehazki. Hala ere, ume zein nagusiren gozamenerako egitasmoak egingo dituzte.

Jaiak irailaren 8an hasiko dira, eguerdiko mezarekin –eta hau bukatzean egiten den ohorezko aurreskuarekin– eta arratsalde parteko umeen jokoekin, 18:00etan hasiko direnak. Ostean kantu poteoa dago iragarrita. Hala ere, jardunaldirik potoloena irailaren 9koa da, izan ere mezaren ostean –11:30etan– kuadrillek paellak sukaldatzeari ekingo diote. Izen ematea 12:00etan egingo dute, eta erakusketa eta sari banaketa 14:00etan. Lehiaketa gastronomiko bat gutxi ez balitz, arratsaldean tortilla txapelketa ospatuko dute 17:00etatik –izen emate epea irekitzen denean– eta 19:00etara arte, sariak ematen dituzten momentura arte. Iluntzean, azkenik, briska txapelketa, boloak eta rifa, bertso saioa, Erreten taldearen emanaldia eta DJ Matxing arituko dira.

Irailaren 10erako eliz ospakizuna egingo dute lehendabizi udalerrian, geroxeago –12:15etatik aurrera, zehazki– hamaiketakoa eta Urdaibai Dantza Taldearen emanaldia izango dira. Jardunaldiari 17:00etatik 17:30ak arte ospatuko de mus arin txapelketarekin emango diote amaiera muruetarrek.