Gero eta gutxiago falta da 2023ko Ferixa Nausikoak ospatzeko, eta urtero egin ohi den bezala, udaleko arduradunek jai-egitaraua aurkezteko prentsaurrekoa eskaini zuten. Irailaren 2tik 12ra bitartean ospatuko dira aurten Elorrioko jaiak eta 11 jaiegunetan hainbat ekimen, eta ekintzaz gozatzeko aukera izango da. “Azoka, danborradak, herri bazkariak, bertso-saioa, herri kirolak, kirol txapelketak eta gero musika eta kontzertuek ere garrantzi berezia izango dute. Guztion gustuak asetzeko ahalegina egin dugu”, adierazi zuen Itsaso Basauri, Jaietako zinegotziak.

Aurkezpen-ekitaldian Julene Lazkano alkateak eta Txano Larrañaga –Arriola Antzokiko programatzaileak– parte hartu zuten, baita aurtengo txupina botako duten herriko bi elkarteetako ordezkariek ere. Izan ere, aurten 50 urte betetzen dituzten bi elkarte izango dira jaiei hasiera emateaz arduratuko direnak: Erdella Mendizale Taldea eta Berrio-Otxoa Orfeoia. “Guretzat ohore handia da jaiak beraien eskutik hastea, eta mende erdi honetan egin duten lana txalotu nahi dugu horrela”, azpimarratu zuen Jaietako zinegotziak.

Dudarik gabe, Ferixa Nausikoetako ekitaldirik esanguratsuenetako bat Abere, Nekazaritza eta Artisau Azoka izago da. Igandean, irailak 3, izango da, goizeko 10:00etatik aurrera Ferixalekuan, eta bertan 45 abeltzaintza- eta nekazaritza-postu eta hogei bat artisautza postu izango dira.

Adin tarteei erreparatuta, jubilatuentzako eguna ere ospatuko da: mendi ibilbidea, hildakoen omenezko meza, luntxa, dantzaldia eta kontzertu lirikoa egingo dira. Nerabeentzako eskaintzari dagokionez, bigarren urtez, beraiei egokitutako gune berezi bat egongo da eta Ganondo parkean bizikleta birakariak, ohe elastikoak eta emozioen laborategia jarriko dira, besteak beste. Umeentzako, aldiz, buruhandiak, bitsaren festak, txutxu trena, jolasak eta barrakak izango dira.

Arlo ekonomikoari dagokionez, 170.000 euro bideratu dira jaiak antolatzera, eta nabarmentzekoak dira, esaterako, Xabi Aburruzagaren eta Kai Nakairen kontzertua, fanbarriak, elektrotxarangak, Golden Apple Quarteten emanaldia eta Andoni Martínez Barañanoren Homenaje a Luis Mariano kontzertua. “Askotariko musika-estiloak egongo dira, herritar guztien gustuak asetzeko. Gainera, txosnen gunean kontzertuak, bazkariak, txapelketak, DJak, haurrentzako olinpiadak, pintxo-potea, mus txapelketa eta beste hainbat ekimen ere izango dira”, aurreratu zuten.

Erasorik gabeko jaiak

Julene Lazkao alkateak gogorarazi nahi izan zuen jaiak “guztionak eta guztiontzako” direla; hau da, haietaz gozatzea “pertsona guztien eskubidea” dela. Horregatik, irmo aldarrikatu zuen “ez dugula eraso matxistarik, homofobikorik edo transfobikorik onartuko, ezta bestelako erasorik ere. Ahalegin handia egin nahi izan dugu mezu hori zabaltzen eta prebentziorako bitartekoak jartzen”.

Laburrean

Ferixa Nausikoak. Irailaren 2tik 12ra bitartean ospatuko dira aurten Elorrioko jaiak eta 11 jaiegunetan hainbat ekimen, eta ekintzaz gozatzeko aukera izango da.

Txupinazoa. Erdella Mendizale Taldea eta Berrio-Otxoa Orfeoia izango dira jaiei hasiera emateaz arduratuko diren elkarteak. Biek aurten bere 50. urteurrena ospatzen dute. .

Azoka. Abere, Nekazaritza eta Artisau Azoka irailaren 3an izango da, goizeko 10:00etatik aurrera Ferixalekuan.