Ondare historiko nabaria duen udalerria da Lekeitio. Eta berau baliatuta –hainbat dira kostako herrian dauden aztarnategiak–, Arkeologia Eguna bigarrenez ospatuko dute abuztuaren 11n. Isuntza/Zubiburuako kobazuloa erakusteko bisita gidatuak, tailerrak edota solasaldiak antolatu dituzte, arkeologia jendartean zabaltzeko helburuaz.

Lehendabiziko ekimena abuztuaren 11n egingo da. Eta zehazki, Isuntza/Zubiburuako kobazulora irteera izango da. “Jarduera seis laguneko taldeetan” egingo da, “kobazulo eder honen eraketa geologikoez gozatzeaz gain, Paleolito garaiko teknologia ikertzeko sorturiko laborategi esperimentala” ikusteko aukera izango delarik. “Isuntza/Zubiburuako kobazuloan, Isuntzako zubi alboko plazatxoan” jarri dute hitzordua, abuztuaren 11ko goizean zehar. “Bisitaren iraupena 30 minutukoa” izango dela jakinarazi dute, eta bisitak “euskaraz eta gazteleraz” eskainiko direla antolatzaileek.

Bestetik, jardunaldian zehar Paleolito garaiko pigmentuak izenburupeko tailerrak ere eskainiko dira. “Mineralez –hematitea, limonita, manganesoa– zein egur ikatzez eginiko pigmentu naturalekin, Paleolito garaiko irudiak egiten” saiatuko dira parte hartzaile guztien artean, “Isuntza / Zubiburuako kobaren kanpoaldeko plazatxoan. Umeei zuzendutako egitasmoa 10:00etatik 13:00etara egingo da, bai euskeraz eta baita gazteleraz. Eraman beharreko materialen artean “pigmentuak, ura, folioak, harri xaflak eta plastikozko estalkiak antolakuntzak ipiniko” dituela jakinarazi dute.

Izena emateko before_art@unican.es edo beforeartproject@gmail.com helbideetara posta elektronikoa bidali beharko da. Azkenik, arratsaldean zehar bi hitzaldi antolatu dituzte: lehena, 18:00etan izango da, Verónica Fernández Navarroren eskutik, eta bigarrena, ostean, Iñaki Intxaurbek eskainiko du, Paleolito labar artearen azken aurkikuntzak Euskal Herrian izenburupean.