Síguenos en redes sociales:

‘Gizatek’ laguntzetarako diru-kopurua handitu du Bizkaiak

Autonomia pertsonala areagotzeko eta nork bere etxean bizitzen jarraitu ahal izateko, Bizkaiko Foru Aldundiak Gizatek laguntzetarako bideratutako diru-kopurua handitu egin du. Erabiltzaileak mendekotasuna edo desgaitasuna duten pertsonak dira, eta oso ondo onartzen dute oraindik zerbitzua. Laguntza mota hau behar duten pertsonek dituzten beharrizanei erantzuten jarraitu ahal izateko, Bizkaiko Foru Aldundiak 300.000 euro handitu du bere aurrekontu-partida. Beraz, 2023ko ekitaldi honetarako, zerbitzuak 1.750.000 euroko aurrekontua du, eta kopuru horrekin eskaria betetzea espero da.

Gizarte Ekintza Sailak, aurten, 1.047 pertsonari eman dizkie laguntza horiek, iaz baino % 8,8 gehiago. Abenduaren 30ean bukatuko da eskaerak aurkezteko epea.

Etxean bizi ahal izateko baliabide teknikoak eta teknologikoak

Mendekotasun-egoeran dauden eta/edo desgaitasunen bat duten pertsonen gehiengoaren nahia da, ahal den guztietan, etxean geratzea eta beren etxean eta erkidegoaren beraren ingurunean jasotzea laguntza. Horretarako, laguntza eta zerbitzuen garapen dibertsifikatua egin behar da, pertsonek etxean bizitzen jarraitu ahal izan dezaten, mendekotasun maila handiak dauzkatenean ere bai, gizarte-beharrizanak betetzeko eta bizi-kalitatea hobetzeko.

Errealitate horren aurrean, Bizkaiko Foru Aldundia aurrerapen berri bat bultzatzen ari da etxean bizitzen jarraitzeko behar dituzten pertsonei eta zaintzaileei ematen zaizkien laguntzen pertsonalizazioan. Eta hori egiten ari da etxeTIC doako zerbitzu berriaren bidez, etxean laguntzeko eta prebenitzeko teknologien bidez eta zentrora bertaratze puntualak eginda, edo Gizatek zerbitzuarekin. Bi zerbitzu horiek guztiz osagarriak dira eskura daitezkeen beste baliabide ekonomiko batzuekin batera, hala nola familia-inguruneko zaintzetarako prestazio ekonomikoa (FIZPE) edo zaintzaileentzako arnasaldiak.

Gizatek

Gizatek Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzu publikoa da eta edozein adineko pertsonen autonomian orientatzea, horiek gizarteratzea eta autonomia sustatzea du helburu, horiek desgaitasuna edo mendekotasuna badute eta, ondorioz, jarduera mugatuta badute edo herritarrekin parte hartzean mugak badituzte. Xedea produktu eta metodo teknologiko desberdinak aplikatuz muga horiek orekatu edo arintzea da. Ildo horretan Gizatek zerbitzuak eginkizun garrantzitsua betetzen du, dirulaguntzen bidez baliabide teknikoak eta teknologikoak mendekotasuna eta/edo desgaitasuna duten pertsonen eta haien zaintzaileen zerbitzuan jartzeko. Izan ere, teknologia berrien ahalmena bete-betean erabiltzen da pertsonen ongizatea areagotzeko.

Gizatek zerbitzuak produktu lagungarrien erakusketa finkoa du, Lersundi kaleko 14. zenbakiko bere egoitzan; horrez gain, zerbitzu hauek ere eskaintzen ditu: prestazioetara iristeko informazioa eta aholkularitza; produktu lagungarriak erosteko dirulaguntzak; eskatzailearen autonomia hobetzen lagun dezakeen edozein alderdi teknikori buruzko orientazioa, egokitasunari buruzko txosten teknikoa emanez; eta desgaitasuna edota mendekotasuna duten pertsonentzako produktu lagungarriak erosteko laguntza ekonomikoen eskabideak izapidetzea.