3. DBHko 108 ikaslek eta 30 nagusik hartu dute parte Alkarregaz sortua muralaren eraketan. Bost metrotako hormairudi erraldoi honek ehundaka momentu eta konfidentzia ezkutatzen ditu, horiek guztiak gazte eta pertsona nagusiak partekatu dituztenak Elorrioko belaunaldien arteko programaren esparruan. “Proiektu hau bakoitzak bizitzen duena da; jostu eta abestu, marraztu eta hitz egin; elkar ezagutzen diren bitartean”, adierazi du Onditz Mendizabal programaren koordinatzaileak eta Sormening esperimentazio guneko arduradunak.

Joan den ostiralean, hilak 16, puzzle eran sortutako artelana udaletxe azpian kokatu zuten eta herritar asko, zahar zein gazte, hurreratu ziren ikustera. “Ikasturte amaiera ospatzeko modu bat izan da muralaren erakusketa. 138 gaztek eta nagusik mural hori pintatu dute. Talde txikietan banandu genituen eta pintatzen zuten bitartean beraien artean hitz egiten zuten, barrezka, aholkuak ematen, elkar ezagutzen eta puzzle horretan bizitzaren haria irudikatzen du, joan-etorri desberdinetatik eramaten gaitu eta bakoitzean bizi, ikasi eta izandako esperientziak partekatzen ditugu”, azaldu zuen Mendizabalek.

Horrela, bakoitzak bere arrastoa edo marra jarri du, baina belaunaldien arteko azken ikasturtea margo hori baino askoz gehiago izan da. Elorrioko belaunaldien arteko programa azken 8 urteetan gauzatzen ari da Sormening eta Elorrioko Udalaren lankidetza akordioari esker eta urte hauetan guztietan gazteak eta nagusiak elkartzeko, gozatzeko, ikasteko, hunkitzeko, aurreiritziak gainditzeko, barre egiteko… elkarguneak sortzen aritu da. Izan ere, proiektu honek gazteen eta adinekoen artean jarduerak partekatzea du helburu.

Aurtengo ikasturtean zehar 257 partaide egon dira. Elorrioko hiru ikastetxeetako 2. eta 3. DBHko ikasleak guztiak –Lourdesko Ama Ikastetxea, Txintxirri Ikastola eta Elorrioko Institutua– eta nagusiek parte hartu dute proiektu honetan. “Guztira 37 saio egin ditugu, batzutan bakarka, baina gehienak elkarrekin eta parte-hartzearen aldetik urtetik urtera igotzen dabilen zenbaki bat da, oraingoan 257 guztira, eta aurten urte normal baten itxura hartu dugu. Musukorik eta inolako murrizketarik gabe eta benetan gozatu ahal izango dugu egindako ekimen bakoitzean”, defendatu du Mendizabalek.

Ekimen honek herriko gazteen eta adinekoen arteko ezagutza sustatzeko jarduerak eta topaguneak bultzatu ditu eta edozein aitzakiak balio du. “Antzinako jokoak eta gaur egungoak, gogoetak, aholkuak, dantza saioak, ibilaldiak, mahai-jokoak, josteko tailerrak, gimnasia, memoria taldeak ere izan ditugu 80-90 urtekoekin non gazteek ariketa batzuk erakutsi dizkiete, eskulanak egin dituzte. Bakoitzak bizitzen duena”, laburbildu du Ondintz Mendizabal Sormening proiektuaren sortzaileak.

Beste behin ere, Elorrioko adinekoek eta herriko gazteek esperientzia dibertigarriak eta asko ikastekoak bizitzen jarraitzeko gogoa eta konpromisoa erakutsi dute eta egindako murala uztailaren erdialdera arte Iturri Kultur Etxean ikusgai egongo da. Gero kiroldegiak kokatuko dute eta urrian bueltan behin betiko kokalekua izango du Aldatsekuako kanpoko aterpetxean.