Bermeoko Arrantzaleen Museoa 75.urteurrena ospatzen ari da hilabete hauetan, programazio berezi batekin. Eta honen baitan Bertsoak eta gastronomia: Itsasoari Begira izenburupeko ekimena antolatu dute gaurko. Arratsaldeko 19:00etan jarri dute hitzordua, museoan bertan.

Jon Maia eta Iker Uriarte bertsolariak gonbidatu dituzte saioa; itsasoa eta bere historiari buruzko begirada ezberdinetatik abestuko dutelarik. Pintxo bi dastatzeko aukera izango dela aurreratu dute Arrantzaleen Museoko arduradunek. ”Ezinbestetkotzat” jo dute aldez aurretik izena ematea, 94-688 11 71 telefono zenbakira deituta edo arrantzaleenmuseoa@bizkaia.eus-era idatzita.

Bestetik, urteurrenaren hainbat hitzordu finkatu dituzte. Eta, besteak beste, umeentzako tailerrak izango dira uztaileko bigarren astean -4, 5, 6 eta 7an, zehazki-, baita Kofradiak: Zelan eta zertarako elkartzen ziren? soladaldia ere, Josu Erkorekak eskainiko duena uztailaren 2an. Azkenik, urrian zehar museoak erakusketa berria irekiko duela jakinarazi dute.