Iurretako Udalak 137.366 euroko aurrekontua bideratu egin du Etxegoren ingurua urbanizatzeko. Lanak aste honetan hasi dira, eta aurreikusten da obra uda honetan bertan amaitzea.
Proiektu honen bidez, eraikinaren ondoko kanpoko espazioa eraldatu nahi da, eta barruko geletan espazio lasai eta aktiboak garatzeko proposamenarekin bat egiten du. Proposamen hori gaztelekuaren erabiltzaile gazteek beren beharrak ezagutzeko egindako partaidetza-prozesu baten barruan jaso zen.
Partaidetza-prozesuan antzemandako beharrak erreferentziatzat hartuta, proiektuak hainbat proposamen jasotzen ditu, hala nola Etxegoko ingurune urbanizatuak mugimendu-erronkak ahalbidetzea. Hori dela eta, altzariek funtzio desberdinak izatea aurreikusten da, hala nola esertzea, skatez manipulatzea, jolaserako espazioak banatzea.
Partaidetza-prozesu horretan, eremuaren kanpoko espazioa ere aipatzen zen, eta haren egokitzapenaren bidez erabiltzeko eskaria nabarmentzen zen. Ariketa fisikoaz gain, lagunartean egoteko eta jarduera anitzak egiteko espazioak izateko aukera planteatzen da.
Era berean, hainbat dimentsiotako egonaldietarako eremuak diseinatu dira, forma hexagonala duten eserleku-multzoen bidez. Zona horrek zoladura berezia izango du, mistoa (hormigoizko sareta eta soropila); lehendik dagoen lorategi-eremua handitu egingo da, hormigoizko zoladurarekin, berdeguneen higadura saihesteko.
Proiektuak, halaber, hormigoi armatuzko harmaila bat planteatzen du iparraldeko fatxadari atxikita (fatxada itsua), eta eremu zabal bat izango du aurrean, arte-erakustaldietarako nahiz kanpoko gazte-taldeetarako.
Etxego eraikinak 199,21 m2 ditu eraikita, eta ondoan duen lurzatiak 1.600m2-ko azalera du. Eraikin hexagonala da, Orobiogoitia Institutuaren ondoan dago, eta 2018an IU! GAZTEren egoitza bihurtu zen. Udalerriko gazteen aisialdirako erreferentziazko gunea izan nahi du.