Basauriko Sozial Antzokiak Rockein jaialdiaren finala azaroaren 18an
Basauriko Sozial Antzokiak azaroaren 18an ospatuko den Rockein musika lehiaketaren finala jasoko du. Dagoeneko zabalik dago, uztailaren 11ra arte, jaialdi honetan parte hartzeko izena emateko epea. Jaialdi hau Hego Euskal Herriko talde eta bakarlariei zuzenduta dago.
Jokoan dauden sarien artean, bost abestiko EP baten grabazioa, ekoizpena eta masterizazioa, bideoklip baten ekoizpena eta MAZ Basauri jaialdian jotzeko aukera daude.
Silitia iazko irabazleak gaurko prentsaurrekoan aurkeztu ditu sari horren emaitzak, ‘Hiru ate’ izeneko sei abestiko EP bat eta ‘Hegan hegan / 21 min’ single bikoitzaren bideoklipa, Rockeinen sare sozialetan dagoeneko ikusgai dagoena.
Duela 11 urte Rockeinek bere ibilbidea hasi zuenean, musika talentu berriak aurkitzeko eta sustatzeko Basaurin antolatutako aurreko lehiaketen lekukoa hartu zuen. Aurreko esperientziei hilabete batzuetako laguntza profesionala gehituz egin zuen, artistei amateurismotik sektore profesionalerako jauzia esploratzen hasten laguntzeko. MAZ Basauri zikloaren barruan ordaindutako emanaldiak gehitu ziren eta estudio profesional batean grabatzeko eta bideoklip bat sortzeko sariak, jakina.
11 urte geroago, Rockein proiektu sendoa da, lau udalek parte hartzen dute (Galdakao, Arrigorriaga, Laudio eta Basauri) eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza dauka. Zazpi urte jarraian daramatza bere parte hartzea hobetzen. 2022an 188 proposamenekin itxi zen.
Berdintasuna, tokiko talentua eta euskara sustatzeko irizpideak mantentzen ditu, eta parte hartzen duten proposamenak berritzeko gaitasun nabarmena du, 2022an % 25ekoa izan baitzen.
“Abiadura bizian mugitzen eta eguneratzen den mundu batean, batzuetan kosta egiten da proiektuak egonkortzea. Hala ere, denboran irauten duten horiek dira beren ekintza eremuetan eragiteko benetako gaitasuna duten ekimenak sustatzen laguntzen dutenak. Rockein horren adibide ona da. Oso modu apalean hasi zen eta gaur egun Euskal Herri osoko artista berrientzako erreferentziazko lehiaketa da. Musikaren industria, gizartea bezala, asko aldatu da 11 urte hauetan. Baina artistak eta abestiak sortzen jarraitzen dute ezinbestean. Rockeinek talde eta bakarlari berrien egungo beharretara egokitzen jakin du eta aurten ere parte hartzera animatzen zaituztegu”, adierazi du prentsaurrekoan Asier Iragorri Basauriko alkateak.
Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak, eskualdeko udalen elkarlanaren balioa nabarmendu du, eta Euskal Herriko musikari berriei bultzada ematen jarraitzeko deia egin du. “Globalizazioa denera heltzen den mundu honetan, David Goliathen aurrean bezala aritzen dira euskal sortzaileak, kasu honetan musikariak. Horregatik dira beharrezkoak halako espazioak”.
Parte hartzeko baldintzak:
- Gutxienez taldeko kideetako bat Hego Euskal Herrian jaioa izatea edo bertan bizitzea.
- Tokiko talde onenaren sarirako hautagai izateko: gutxienez taldeko kideetako bat Galdakaon, Basaurin, Arrigorriagan edo Laudion erroldatuta egotea.
- Eskarabilera Sarirako hautagai izateko: gutxienez taldeko kideen %50 emakumeak izatea.
- Taldekideek 16 urtetik gora izatea.
- Izena emateko unean ez dezatela editaturiko disko bat baino gehiago izan, disko etxe batekin kontratua eduki ala ez.
- Abestiak originalak izatea.
- Musika estilo guztiak onartzen dira.
- Aurretik Rockeinen izena eman duten talde guztiek edizio berri honetan berriz parte hartzeko aukera dute, aipaturiko baldintzak betetzen dituzten heinean. Sariren bat irabazi duten taldeek ez dute saria lortu zuten kategorian bigarrenez saridun izateko aukerarik izango.
Sariak:
1- Talde irabazlea
- EP profesional bat (gutxienez bost abesti) grabatzea, ekoiztea eta masterizatzea Bilboko El Tigre estudioetan.
- EParen 500 kopia editatzea, CD euskarrian.
- Bideoklip profesional bat grabatu eta ekoiztea.
- MAZ Basauri jaialdian edo Bizkaiko areto onenetako batean kontzertua eskaintzea
2- Tokiko talderik onena
- MAZ Basauri jaialdian edo Bizkaiko areto onenetako batean kontzertua eskaintzea
3- Euskarazko talderik onena
- Abesti bat grabatzea eta ekoiztea.
- MAZ Basauri jaialdian edo Bizkaiko areto onenetako batean kontzertua eskaintzea
4.- Eskarabilera saria
- MAZ Basauri jaialdian edo Bizkaiko areto onenetako batean kontzertua eskaintzea