Udalerriko espazio publikoetan inklusibitate- eta irisgarritasun-irizpideen arabera hobetzeko aurrerapausoak ematen darrai Abadiñoko Udalak. Oraingo honetan, ekimen horretarako 200.000 euro inguruko bi aurrekontu-partida bideratu egingo ditu, Zelaieta Eskolako jolastokia inklusiboagoa egiteko konkretuki. 24.000 euroko aurrekontua eta 10 eguneko egikaritze-epea dituen Ikastetxean jolastoki inklusibo bat egokitzeko lehen esku-hartzea datorren ekainean hasiko da, ikasturtea amaitzean.

Jolastoki inklusiboa kontzeptuak umeek euren intereseko jolas-jarduerak egin ahal izango dituzten jolaserako espazioak sortzeari egiten dio erreferentzia, ikasteko eta esperimentatzeko espazioak, hain zuzen ere. Espazio horietan, ohiko jarduerek, rolek eta dinamikek ez dituzte generoaren estereotipoak eta aginduak erreproduzitzen, eta espazioen eta baliabideen erabilera partekatua nagusitzen da genero, adin, jatorri eta gaitasun desberdineko ikasleen artean.

Abadiñoko Udalak, gainera, 175.000 euroko partida onartu du, uda ostean lizitatuko den irisgarritasun-proiektuari ekin ahal izateko. Jarduketaren helburua Zelaieta Eskolako barne-sarbidea berriro urbanizatzea da, irisgarritasuna hobetuz, desnibelak kenduz eta plataforma bakarra osatuz, oinezkoentzat batez ere.

Desnibelik ez duen plataforma bakarra lortzeko, lehendik dagoen bidea zintarrien kotaraino igotzea, egoera txarrean dauden zintarrien ordez zintarri berriak jartzea eta dauden energia- eta telekomunikazio-zerbitzuak egokitzea aurreikusten da.