Abadiñoko Udalak ezagutzera eman du, urtero bezala (koronabirusaren pandemiak eragindako etenaldia kontuan izan gabe), udalerriko gazteei bideratutako udako oporretarako aisialdirako programa, ekainean eta uztailean garatuko dena, batik bat. Aurten, 'Gazte Uda' lelopean ospatuko da Gazteria Sailak antolatutako ekimena.
2005 eta 2010 artean jaio diren gazteentzat bereziki bideratuta dago –DBHko eta Batxilergoko 1. eta 2. mailak–. Padel surfa, paintballa, snorkela, piragua edo umore horia dira udalaren webgunearen bidez (Zerbitzuak – Gazteria – Gazte Uda 2023) maiatzaren 31ra arte inskribatzekoaukera ematen duten proposamenetako batzuk.
Programa horrekin Abadiñoko Udalak, adin talde horren gustuen araberako aisialdirako aukera osasungarria eskaini nahi du, euskaraz. Ekaineko programazioak jarduera hauek hartzen ditu 26tik aurrera: padel surfa Lekeition, paintballa Zornotzan eta Snorkela Gorlizen. Uztaileko kirol- eta abentura-eskaintzan hauek sartzen dira: piraguak Gorlizen, Mendexa Abentura parkera irteera, umore horiko saioa Zornotzan eta Conquis Ginkana Gorlizen.
Edukiera mugatua da –50 pertsona– eta, beraz, eskaintza gaindituz gero, plazak zozketa bidez esleituko dira. Egun erdiko jardueren kasuan, goizez edo arratsaldez izango dira, eta joan-etorria autobusez egingo da. Geldialdiak formularioan ezarritako aukeren arabera zehaztuko dira, Zelaietan (Bizkaibuseko geltokia) eta Traña-Matiena eskolan egingo direnez gain. Egun osoko jardueren kasuan, irteera 10:00etan izango da, eta itzulerak 16:00etatik 18:00etara. Bazkaria etxetik eraman beharko da.