Hamabost talde batuko dira ostiral eta larunbat honetan, maiatzak 12 eta 13, Ermuan ospatuko den Vertigo Rock jaialdian. Tokiko talentua sustatzea da ekimen honen helburua, estatu mailako izen handiko bandekin elkartuz.
Egitaraua ostiralean, maiatzaren 12an, hasiko da 18:00etan, Galdakaoko Game of Txaranga elektrotxarangaren kalejira alaiarekin. Ondoren, herriko Bichorraro (21:00etan) eta We Are Apes, Hello! (22:00etan) taldeen kontzertuak izango dira Orbe Kardinalaren plazan.
Larunbatean, hilak 13, Betiondon ospatuko da jaialdia eta bi agertoki izango ditu: bata nagusia, aurreko urteetan bezala, eta Xabier Ciarsoloren omenezko karpa bat, soinurik hardcoreenak bilduko dituena. Bi eszenatokiak estalita egongo dira, euriak festa geldi ez dezan.
Alboka Musika Eskolako taldea arduratuko da jaialdiari hasiera emateaz 15:50ean, eta ondoren bi talde ermuar izango dira, agertoki gainean lehenengo urratsak emango dituztenak: Painapple eta Makis 73. Ekinocio eibartarrek 18:05ean jarraituko dute programazioarekin, eta Shöcken punk doinuek Indabak talde hasiberriari emango diote bide.
Eguneko plater nagusietako bat Yugular izango da, Non Servium, Kaotiko eta Arcada Social taldeetako kideek osatutako punk talde basatiaren emanaldia. Storbais ermuarrek eta Bones of Minerva madrildarrek ekingo diote gaueko txandari, eta Brothers Till We Die taldeak jarraituko du jaialdiko kartelburuen aurretik: Ktulu. Kataluniarrak ere ospakizunetan murgilduta daude, kasu honetan 35 urte betetzen baitituzte, eta thrash metal uholdearekin ospatuko dute urteurrena.
Jaialdiaren azken txanpan, Adrenalized taldearen hardcore melodikoak ateak irekiko dizkio eguneko beste izen handi bati: Asgarth. Donostiarrak sasoi betean itzuli dira, hamarkada bat baino gehiagoko geldialdiaren ondoren, eta Zeldatik lan berria aurkeztuko dute 01:35etik aurrera Vértigo Rockeko agertoki nagusian.
Orihen herriko taldeak emango dio amaiera jaialdiari 02:35etik aurrera.