Udalerrian logelen eta etxebizitza turistikoen gaineko kontrola indartu nahi du Mundakako Udalak. Horretarako, joan den asteazkenean, maiatzaren 3an, egindako osoko bilkuran, erabaki bat onartu zen Eudeli, BFAko Ekonomia Sustapen Sailari eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzari udalerriko etxebizitza turistikoen ustiapena arautuko duen araudi bat egiteko beharra helarazteko. Ildo horretan, Udala lanean ari da erabilera turistikoko etxebizitzen eta logelen lizentziak kontrolatzeko eta horien jarraipena egiteko ordenantza berri bat egiteko.

Nekatur-en azterketa baten arabera, Mundakako 70 etxebizitza turistiko dagoz Mundakan eta mota horretako bizitoki gehiago dituen Busturialdeko bigarren herria da, Bermeok bakarrik gaindituta. Horrek nabarmen handitzen du turistak xurgatzeko gaitasuna, baina inpaktu negatiboak ere badakartza, hala nola Mundakako biztanleentzat urte osorako alokairuko etxebizitzak aurkitzeko zailtasuna.

“Turismo mota hori ez dator bat Turismo Jasangarriari buruzko Europako Gutunarekin, Mundakako Turismo Bulegoa egiaztatuta dagoen lehenengo udalerria izan baikinen, ezta turismo jasangarriarekin, kalitatekoarekin eta baliozkoarekin ere; izan ere, ez dute hotel-ostatuei eskatzen zaizkien betebeharrik”, nabarmendu du Irati Gondra alkateak.

Parte-hartze prozesua

Era berean, Udalak egindako Mundaka Amestuz prozesu partehartzailean eskaera errepikarienetako bat izan da pisu turistikoena, “gehien kezkatu duen gaietako bat, gai honen inguruko ordenamendu baten eskaera ekarri duena”. Hala ere, Udaletik etxebizitza mota horiek egon daitezkeela nabarmentzen da, “baina betiere lizentziak dagozkien erakundeetatik emateari dagokionez hotel-enpresei bezain zorrotza izan beharko lukeen araudia betez”, azpimarratu du Gondrak