Etxebarriko Udalak 377.520 euroko aurrekontua bideratu egingo du kiroldegiko kanpoko joko pistan hobekuntzak egiteko. Besteak beste, pista osoa estaltzeko karpa desmuntagarri bat instalatu egingo du. Lanak Etxekit SL enpresari esleitu dizkio. Ekaineko lehen hamabostaldian instalatzea espero da eta udako sasoian erabiltzeko moduan egotea.
Udalak kiroldegiko kanpoko joko pista osoa estaltzeko karpa desmuntagarri baten hornidura eta instalazioa esleitu ditu.
Gaur egun, herriko klub eta kolektibo askok erabiltzen dituzte entrenamenduak eta kirol-jarduerak egiteko dauden espazio estaliak. Etxebarriko BHI berriaren obrak hasi berri direnez, zaildu egingo da bertan dagoen pistaren erabilera datozen denboraldietan, eta, beraz, eskuhartze honen helburua egun dauden erabileren eskaerari erantzun ahal izatea da eta udalerrian kirola egiteko estalitako espazio berri bat irabaztea.
Karpak 40x36 metroko neurria du, horretaz gain, pistako zoruaren egokitzapena eta jokalekuetako lerroen beste pintaketa bat egingo dira, haien erabilera-aukerei ahalik eta etekin handiena ateratzeko asmoz, era horretan hainbat jarduera aldi berean egiteko aukera izango da.
Karpa horrek urak biltzeko eta barrualdea argiztatzeko sistema izango du, ahalik eta erabilgarritasun handiena izan dezan.
Lurzorua egokitzeko lanak hasiak dira jada, dagoen soropil artifiziala kendu eta karparen egitura fabrikatzen ari baitira.
Soropila 3x4m-ko sekzioetan kendu da, errazago manipulatzeko eta, ondoren, birziklatze-plantara errazago eraman ahal izateko; izan ere, hura desmuntatzeko kontratuak barne hartzen baitu baimendutako plantan gerora tratatu behar izana, iraunkortasuna eta ingurumenarekiko errespetuaren ikuspuntua oinarri izanik.