Martxan jarriko ditu aurten ere bai Abadiñoko Udalak 3 eta 12 urte bitarteko umeei bideratutako udako jarduerak. Aurten bi programa abiaraziko ditu, Ludoteka eta Herri Udalekua. Bada, izena eman nahi dutenek datorren asteartetik, maiatzak 2, hilaren 19ra arteko epea izango dute inskribatzeko, udalaren webgunean gaitutako inprimakiaren bidez.
Euren kabuz egiteko zailtasunak dituzten edo baliabide teknikorik ez duten pertsonek Errota Kultur Etxean eta Udal Mediatekan dauden gailuak erabili ahal izango dituzte.
Ludotekaren jarduera Haur Hezkuntzako umeei (HH2-HH5) dago zuzenduta eta Zelaieta Eskolan egingo da, 9:30etik 13:30era, ekainaren 26tik uztailaren 14ra (lanegunetan). Herri Udalekuak programa Lehen Hezkuntzako umeei (1. mailatik 6.era) dago zuzenduta, eta jarduerak egun eta ordutegi berberetan egingo dira Traña – Matiena Eskolan. Abadiñon erroldatuta dauden edo ikasten duten umeek parte hartu ahal izango dute jardueran, baita gurasoetako bat udalerrian erroldatuta badago ere. Ohikoa denez, autobus zerbitzua egongo da.
Bestalde, kontziliazioa errazteko asmoz, hala behar duten familiek doan eskatu ahal izango dute haurtzaindegi-zerbitzua. Zerbitzua, bai ludotekan, bai hiri-udalekuan ezarritako ordutegia baino 30 minutu lehenago hasi eta 30 minutu geroago amaituko da. Zerbitzu hori berariaz eskatu beharko da inskripzio-orrian, eta umea zein ordutan joango den adierazi beharko da, bai eta zer ordutan jasoko den ere. Zerbitzu hori aukeratzen dutenek ezin izango dute autobus zerbitzua erabili.
Jarduera horien prezioa 80 eurokoa da lehen umearentzat eta aldi osoan, eta ezin izango da asteka izena eman. Bigarren anai-arrebarentzako prezioa 56 eurokoa da. DBE jasotzen duten familiei % 85eko hobaria aplikatuko zaie. Bestalde, aurreko hobaria aplikatu ez zaien familia ugariek % 30eko deskontua izango dute iaz indarrean zeuden prezioen gainean.
Eskola-aldiaren amaieran, umeek beste adingabe batzuekin harremanak izateko eta aisialdiaz euskaraz gozatzeko aukera galtzen dute, eta, beraz, udalaren eskaintzak udan gabezia horiek betetzen lagundu gura du. Informazio guztia, prezioak eta aurkeztu beharreko dokumentazioaren xehetasunak udalaren webgunean (Zerbitzuak - Euskara – Udalekuak - 2023) daude eskuragarri. Informazio gehiago jaso gura izanez gero, jo udalekuak@abadiano.eus helbidera.
Ekainaren 21ean familiei zuzendutako informazio bilera egingo da Errota Kultur Etxean –17:00etan ludotekari buruzkoa eta 18:00etan herri udalekuei buruzkoa–.