Astearte honetan arratsaldean, ekainaren 30ean, Bilboko Hiri Kontseiluaren osoko bilkura ospatu da. Juan Mari Aburto alkatea izan da bilkuraren buru, eta bertan bi lan-ildo berri jarri dira martxan.

Lehenengoan, Hiri Kontseiluaren ahotsak izenekoan, Hiri Kontseiluko kideek hiriko proiektu estrategikoak azalduko dituzte, oraingo honetan Bilboko Udalaren, Bilbao Port-en eta UN Etxearen Proiektu Estrategikoen Bulegoaren eskutik. Bigarrena Radar estrategikoa: Bilboko erronkak eta aukerak izenekoa da. Hiri Kontseiluko kideei galdetegi bat egin ondoren, haien iritziak aurkeztu dira, eta jardunbide egoki hori sendotzeko beharra azpimarratu da. Ildo horiek batzorde betearazlean landu dira, eta parte-hartzea sustatzeko egokitzat jo dira.

Bilboko Udalaren Proiektu Estrategikoen Bulegoak Itsasadarra babesteko eta kontserbatzeko eta bertako erabilerak eta jarduerak erregulatzeko plan berezia aurkeztu du. Plan berezi hori hirigintza-tresna bat da, eta balioko du Bilboko espazio estrategiko horren ingurumen-, paisaia- eta ondare-balioak zaintzeko eta ingurunean garatzen diren erabilerak antolatu eta bateragarri egiteko.

Gaur egun, hasierako onespena eman aurretik, herritarren partaidetzako programa aplikatzen ari zaio: herritarrei, gizarte-eragileei eta itsasadarrari lotutako erakundeei irekitako prozesubat da hori, eta jasotako ekarpenek dokumentua aberasten lagunduko dute.

Bi lan-ildo berri landu dira Bilboko Hiri Kontseiluaren osoko bilkuran. B. U.

Ekimenaren bidez, itsasadarrak Bilboko hiri-eraldaketaren ardatz egituratzaile gisa duen rola indartu nahi da, betiere haren kontserbazioa bermatuz eta erabilera orekatua, jasangarria eta bertan egiten diren ekonomia-, kirol-, jolas- eta kultura-jarduerekiko bateragarria sustatuz.

Bilboko gizartearen ehun ordezkari

Bilboko Hiri Kontseilua aholku- eta eztabaida-organo bat da tokiko ekonomia-garapenari, hiriaren plangintza estrategikoari eta hiri-proiektu handiei buruzko gaietan. Hori dela-eta, ekonomia-, gizarte-, kultura-, lanbide- eta auzo-erakunde nagusietako ordezkariek osatzen dute. Ehun bat kidek osatzen dute, eta helburu nagusia da hiriarekin eta haren etorkizunarekin zerikusia duten gaiei buruzko elkarrizketarako eta eztabaidarako plataforma instituzional iraunkor bat sortzea. Urteko bilera horiek gogoeta bateraturako eta pentsamendu estrategikorako gune gisa ezartzen dira, hiriko gai publiko nagusiak kudeatzeko orientabide eta euskarri gisa.

Alkatearekin batera, udaleko, gizarteko, ekonomiako, kulturako eta komunikabideetako ehun ordezkari inguruk parte hartu dute.