Lea-Artibaiko udalerrietan 9.192 tona zabor batu ziren iazkoan, joerak erabat aldatuz. Eskualdeko Amankomunazgoko informazio iturriek jakitera eman dutenez, “2022. urtean hondakin guztien kopuru osoa %1,88 murriztu da”. Eta murrizketa honek “azken bost urteetako joera aldatu du. Pentsa dezakegu 2022 urteko egoera ekonomikoa dela eta, produktuen kontsumoa jaitsi egin dela, eta honen ondorioz hondakin kopuru orokorra ere gutxitu egin dela”, azaldu dutenez.

Errefusari dagokionez, “ joera berdintsua” izan dela gaineratu dute. Izan ere, “2021etik 2022ra %1,08 gutxiago batu” da –5.193 tonatik 5.138 tonara pasatuz–. “Dena dela, oraindik batzen ditugun hondakinen zatikirik ugariena errefusa da, zehazki iazkoan hondakin poltsa osoaren %55,90a da”. Esan beharra dago, herrizkako datuei erreparatuta, “eskualdeko datu txikiena Ondarroakoa” dela, 55,49%koa, “eta gehiengoa Ispaster, 66,39%rekin”. Hala ere, hondakinen sailkatzearen aldeko jarreran –eta organikoen bilketaren kasuan espresuki– aurrera pausoa emateko guraria azaldu dute eskualdean. Eta horretarako, azkenaldian martxan dute Konpost txapeldunak izenburuko erronka kolektinoa. Beronen bitartez, aurtengoan “gai organikoen bilketa %10a igotzeko” apostua egingo dute, jakinda gainera iazkoan jasotako organikoaren zifrak %11,6ko murrizketa izan zuela, 969 tonatik 868 tonara pasatuz. Hala ere, eskualdean biltzen den organiko tasa Bizkaiko baino handiagoa da. Herrialdean batazbesteko organikoaren bilketa tasa gainontzeko hondakinekiko %2,8a den bitartean, Lea Artibain %10ekoa da.

“Birziklatzera bideratzen diren hondakin mota ezberdinek joera ezegonkorra erakusten” dutela gaineratu dute Amankomunazgotik, “batzuk igo egin dira, aldiz beste batzuk jaitsi”. Igo direnena rtean aipagarriak dira pilen kasua –%13 gora, 2,4 tonara arte– edota traste zaharrak –270tik 284ra, %5eko igoera–. Bestetik, beherako joera erakutsi duten materialen bilketaren kasuan paper kartoia –%3,85 murriztu dira–, beira –%0,26 murrizketa urria– edota oliao aurkeitzen dira –%14,14 murriztu da.