Sestaoko Sorospen Etxea Bisitariak Hartzeko Bulegoa izango da orain. Horrela adierazi du asteazken honetan Udalak, izan ere, eraikina kokapen estrategikoa du odoan baititu Labe Garaia, La Naval auzoko eraikin babestuak eta La Unión Auzuneko langileen etxebizitza. Era honetan, Sestaok onartu berri duen Turismo Planak sustatu nahi dituen aktibo nagusiak eskura izango dituzte turistek.

Sorospen Etxea 1925ean inauguratu zuten, industrializazioaren itzalean nabarmen hazten ari zen herri baten osasun-egoera hobetzeko asmoz. "Euskal estilo berriko" eraikina Bilbo-Santurtzi errepide zaharraren ertzean dago, La Naval eta Bizkaiko Labe Garaiak bezalako industria handiek hartu zituzten lurretatik metro gutxira. Berrogei urte baino gehiago zeramatzan itxita eta jarduerarik gabe, eta horrek instalazioak apurka-apurka hondatzea eragin zuen.

Azken fasean dagoen birgaitzea orokorra izan da, eta fatxadei, teilatuari, leihoei eta barruko akaberei eragin die. Gainera, igogailu bat jarri da irisgarritasuna bermatzeko. Higiezin babestua denez, jatorrizko fatxadak ukitu gabe mantendu dira, baina aurpegia garbitu zaie, jatorrizko koloreekin margotu eta barrutik isolatzailea jarri zaie.

Rivas kalea Done Jakue Bidea egiten duten erromes askoren ohiko pasagunea ere bada, eta bulegoak aukera emango die udalerriak eskaintzen dituen zerbitzuen berri izateko. Gainera, duela gutxi bisitarientzako aparkaleku bat jarri da Sorospen Etxearen azpian.

Sotoko solairuak eraikinerako sarrera irisgarria izango du, eta turismo-informatzailea bertan egongo da. Beheko solairuan turismoko teknikariaren bulegoa egongo da, baita erakusketa-materiala hartzeko gune garbi bat era. Lehenengo solairua diafanoa izango da, ikus-entzunezko hitzaldiak, bilerak eta proiekzioak antolatzeko.

Sorospen Etxearen birgaikuntza posible izan da Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Udalari emandako laguntza ekonomikoari esker.

BERPIZTU programaren bidez, eta Ezkerraldeko eta Meatzaldeko lehentasunezko jarduera-eremuak bultzatzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak 883.000 euroko dirulaguntza eman zion 2022an Sestaoko Udalari industria-turismoa sustatzeko, eta horietatik 450.000 euro erabili dira Sorospen Gela birgaitzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekonomia Sustatzeko Sailak, bestalde, 176.000 euroko dirulaguntza eman dio Udalari, ondare turistiko industrialarekin lotutako hainbat jarduera garatzeko. Horietatik 50.000 euro Sorospen Gelako teilatua berritzeko erabili dira.