Abadiñoko Udalak Bizipark sarearekin bat egin du eta 2024. urtean 24 bizikleta aparkaletku seguru izango ditu Traña-Matienako tren geltokiaren ondoan eta Bizkaibusen hainbat geltokitatik hurbil. Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko lankidetza-hitzarmena udalerrian mugikortasun aktiboa eta jasangarria sustatzeko xedea du. Era berean, estrategia horrek hiriko ingurumena eta pertsonen osasuna eta segurtasuna hobetzen lagunduko du.

Horrela Bizkaiko Foru Aldundiak 60.000 euroko dirulaguntza emango du bizikletentzako aparkaleku segurua egokitu eta ekipatzeko lanetarako eta BiziPark-Abadiño zerbitzu publikoa abian jarri aurretik egin beharreko lanak burutzeko; jarduketa horietan irisgarritasuna bermatzeko neurri guztiak bete beharko dira. Bere aldetik Udalak konpromisoa hartu du ekipamendua datorren urtean zehar martxan jartzeko eta instalazioaren kudeaketa integrala bere gain hartzeko.

Ekipamenduak gutxienez 24 bizikletarentzako aparkalekua izango du eta besteak beste ezaugarri hauek izango ditu: sarbideak kontrolatzeko sistema eta kudeaketarako softwarea -internet bidezko konexioa barne-; barneko argiztapen iraunkorra; banakako hargune elektrikoa izango duten suaren aurkako segurtasun-armairuak; eta Udaltzaingoaren segurtasun-zerbitzuarekin konektatutako kameren bidezko zaintza-sistema.

BiziPark-Abadiñoren erabilera- eta funtzionamendu-araubidea adostu ondoren, Udalak bere gain hartuko du esparruaren kudeaketa eta mantentzea. Era berean, aparkalekuaren kudeaketa ekonomikoa Udalaren erantzukizuna izango da. "Erakundeen arteko lankidetzak, berriz ere, beharrezko ekipamendu berri hau izatea ahalbidetuko digu. Abadiñon bizikleta erabiltzeko kultura daukagu, baina administrazioei dagokigu azpiegiturak eta segurtasuna eskaintzea. BiziParka tren geltokiaren ondoan egongo da eta horrela bizikleta eta garraio publikoaren arteko intermodalitatea ahalbidetuko du", azaldu du Mikel Garaizabalek, Abadiñoko alkateak.

"Esperientziak erakusten digunez mugikortasun aktiboa sustatzeko helburuan aurrera egiteko modu ona da ibilgailu pribatuaren kaltetan bizikletaren erabilera errazten duten eta beste garraiobide publiko batzuekiko intermodalitatea ahalbidetzen duten horrelako ekipamenduak eraikitzen tokiko erakundeei zuzenean laguntzea", adierazi du Miguel Ángel Gómez Viarrek, Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko diputatuak.