300 gazte baino gehiagok hartuko dute parte Portugaleteko Zubi Alde kiroldegian egingo den Gazte Mintzodromoan. Portugaleteko Udalaren Euskara Zerbitzuak eta udalerriko ikastetxeek Berbalagun programarekin batera antolatutako ekimen hau euskararen erabilera sustatzea du helburu.

Portugaleten berriro izango da arlo askotan (kirola, kultura) antolatzen diren jarduera esanguratsunetako bat: gazte-mintzodromoa, beti bezala, euskararen sustapena jarrileroen artean bultzatze aldera.

Elkarlanak eta talde-lanak emaitza onak eman ohi dituzte eta horren erakusgarri dugu Gazte Mintzodromoa, Euskara Zerbitzuak bultzatutako jarduera hau herriko ikastetxeekin eta Xaribari (AEK) euskaltegiarekin (Berbalagun programa) lankidetzan burutua. Aurten berriro ere euskaraz hitz egiteko eta gozatzeko aukera eskainiko dugu. Esan behar da ez dela unean uneko jarduera bat. Izan ere, urte osoan zehar Berbalagun taldeetan euskaraz mintzatzeko guneak badaude bai eta formatu txikiko jarduerak ere.

Koldo Nuñez Portugaleteko Euskara zinegotziak ekimen hau aurkeztu du azpimarra eginez “Portugaleteko Euskara Zerbitzuak abiarazten dituen jardueren artean euskararen sustapenerako urrats bat gehiago dela. Oraingoan, euskaraz ingurune abegikor eta hurbilean hitz egiteko abagunea izango da. Beldurrak uxatu behar dira, baitakigu euskararik okerrena mintzatzen ez dena dela. Gure ibilbide-orriak euskara kalera ateratzearen aldeko apustua egiten du euskara ere Portugaleteren berezko hizkuntza moduan ikusarazteko xedez. Egia da asko dugula lortzeko baina haren normalizaziorako langintzan dihardugu etengabe”.

Asti-Leku, Santa Maria, Ballonti, El Carmen, Zunzunegui eta Antonio Trueba ikastegietako 300 ikasle baino gehiago mintzatuko dira hiru gai hauexetaz: sare sozialak, irudia eta kirola. Aurreko edizioetan legez, honelaxe garatuko da jarduera: taldeak hamabost minuturo gaiz aldatuko dira. Denbora-tarte horretan elkar ezagutzeko eta bata bestearekin aritzeko denbora izango dute gai desberdinak jorratuz. Honek guztiak Zubi Alde atari zabaleko ikasgela bihurtuko du.

Aurreko urteetan legez, Gazte Mintzodromoa Eusliderren lankidetzapean ere egingo da. Gainera, ekitaldia Herbass & Marta rap-kantariek dinamizatuko dute, zeren eta, beren erritmoak lagun, lehen aipatutako gaiak aurkeztuko baitizkigute.

Portugaleteko Gazteria Zerbitzuek ere jarduera antolatzen lagundu egin dute. Txema Ezkerra Gazteria zinegotzi eta alkateordeak adierazi duen bezala “berriro ere Gazteria eta Euskara Sailen arteko sinergiaren isla talde bien arteko jarduera koordinatu hauxe dute. Ez da berrikuntza, dena dela, Gazte Mintzodromoa antolatzea euskara gazteen artean ere bultzatzea helburu baitugu. Izan ere, denbora luze daramagu Gazteria Zerbitzuetan euskarazko jarduera gehiago sustatzen.

Honenbestez, Portugaleteko Udalak jarrillero guztiak, euskara dakiten edo ikasten ari direnak, animatu nahi ditu Gazte Mintzodromoaren aurtengo edizio honetara etortzera euskara erabiltzeko eta beste parte-hartzaile batzuekin ere partekatzeko aukera paregabea izango baita, norberaren maila edozein delarik ere”.