Udal ordezkari politikoak jesartzen diren eserlekuak bere egin zituzten, txintxo-txintxo eta prest. Adierazpen bat onartzea zuten helburu nagusi, baita eurenganako hurbilen den administrazioak nola funtzionatzen duen bertatik bertara ikustea. Berdintasuna lortzerako bidean txikitatik ikasten diren ikasgai xumeak umeen hezkuntzarako oso baliagarriak direlako, atzokoa egun berezia izan zen Mundakan. Eta eskolako umeek enkargua ederki asko bete zuten. Bi txandatan banatuta, eta azaroaren 25eko emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko egunaren harira, txikiek aldez aurretik landutako idazki bat onartu zuten aho batez. Eta alde aurretik landu zuten idazkiaren arabera, “emakumeen eta gizonezkoen tratu onaren aldeko konpromisoa” berretsi zuten.

Goizeko 10:00etarako dena zen prest. Hamar neskatilak hartu zituzten Mundakako udalbatzako eserlekuak. Eta Maren alkate gaztea bilakatuta, gaur egun alkate den Irati Gondraren postua betez, eskolako ikaslegoak “proposamen batzuk” onartu nahi izan zituen, “mutilen eta emakumeen berdintasunari dagokionez”. Bederatzi puntutan banatuta, konpromiso batzuei tinko heldu zieten gaztetxoek. Gainera, denok irakurri zuten adierazpenaren atal bat. “Indarkeria ez egotea, hau da, errespetuz tratatzea eta maitasunez hitz egitea” izan zen lehen guraria. “Bien arteko arazoak hitz egiten konpontzea, adostasun batera helduz” izan zen bigarrena.

Eta esaldi honetatik aurrera, hainbat izan ziren lau haizeetera hedatu nahi izan zituzten bedintasunaren aldeko mezuak, eurek espreski idatziak izan zirenak. “Neska zein mutil libreak izan behar garela” adostu zuten, “bakoitzak bere bizitza nahi duen moduan bizi ahal duela, askatasuna eskubide bat delako”. Edota “bakoitzak bere izaera” duela, “nahi duena egiteko eta izateko. Beti errespetuz”, aldarrikatu zutenez. Baita “emakume zein gizonek eskubide berdinak” dituztela adierazi zuten, “hau da, berdin ikasi ahal dute eta lanbide berdina izan ere”. Azkenik, etorkizunean ere portaera berbera izateko gogoa erakutsi zuten, zoritxarrez luzera joan beharreko borroka delako berdintasunarena. “Lan hau ez dela gaurko egunekoa bakarrik”, baizik eta “egunerokoa” dela. “Horregaitik, denok batera lortuko dugu”.

Berdintasun plana

Atzoko zinegotzi txikiek osoko bilkura bozkaketarekin amaitu zuten, adostasunean eta aho batez egin zena. Ostean, ikusle izan ziren eskolatik bereko Lehen Hezkuntzako ikasleen txalo zaparrada jaso zuten. Eta txikienekin momentu oro izan zen Irati Gondra alkateak, eta behar bezalako argibideak eman ostean, bere poza agertu zuen. “Gaurkoan –atzokoarengatik– ikusi dugun pleno txikia ospatu izana udal Berdintasun Planetik datorren Berdintasun Mahaiaren proposamena izan da”, gogorarazi zuen. “Mahai horrek zera adierazi digu: txikiek berdintasuna barneratu behar dutela. Txikitatik eragin behar dugula kontu honetan. Gaztetxo hauek dira Mundakako etorkizuna, eta etorkizun hori emakumeen eta gizonen arteko elkarbizitzan oinarritu nahi dugu”.

Emakumezkoek betetako bilkura bat ikusteak “oso harro” sentiarazi zuen Gondra. Izan ere, hilero hilero batzen den Mundakako benetako osoko bilkuran hiru baino ez dira emakumezkoak. Eta tankera honetako antzezpena egin zuten lehen aldia izan zen, baina etorkizunerako errepikatzeko aukera egon badagoela adierazi zuten bai Udaleko eta baita Mundakako Eskolako arduradunek. Hala ere, eta “datozen urteetan gordeko den momentua izateko”, atzo onartutako adierazpena sinatu zuten zinegotzi txikiek. “Horrela, betiko gordeko dugun kontua izango da”, azalari zuen Gondrak.