Herriaren erdialdean Bizkaibus zerbitzuaren autobusen joan-etorriak ekiditeko, eta geraleku eroso eta seguruak sortzeko, Markina-Xemeingo Udalak badu eginda azterlana. Baina lehenik eta behin, markina-xemeindarren artean prozesu parte-hartzailea luzatuko dute, jendartearen iritziak jaso ahal izateko. Proposatutakoaren arabera, Bizkaiko Foru Aldundiarekin hitzartutako aukera dena, Atxondo kiroldegi pareko errepidean, BI-633 delako errepidean, bi bazterbide jartzea ikusi dute alternatiba aproposenaren moduan. Egunotan etxe-etxe banatuko den informazio orrian ekarpenak egiteko aukera izango dute herritarrek, abenduaren 9ra arte.

Kiroaldegiaren alboan kokatutako geralekurako pasabidea.

Atxondo kiroldegiko pareko BI-633 errepidean bi bazterbide jartzearen proposamenak hainbat abantaila dituela aurreratu dute Markina-Xemeingo Udaleko bozeramaileek. “Ez bakarrik MarkinaXemeini begira, baita Lea-Artibai eskualdeko ikuspuntutik ere”, gaineratu dutenez. Izan ere, egunero herrigunetik igarotzen dira 100 autobus herrigunetik ateratzea ekarriko luke, baita arriskuak eta kutsadura murriztea Markina-Xemeingo herrigunean bertan. Bestetik, “herrigunean beste garraiobide batzuk lehenetsiko” lirateke, “bizikletak, besteak beste”. Eta honek udalerri barneko errepidea hobeto zaintzea ekarriko luke, “mantentze-lanak erraztuz. Bidaien denbora murriztea” ere suposatuko luke, “zortzi minutu aurreztuko baitira autobus-bidaia bakoitzean”. Eta azkenik, “Bizkaibus zerbitzuen eta garraiobide publikoen kalitatea hobetuko” litzateke, “eskualdeko gainerako udalerriekin konexioak hobetuz”. 

Bazterbideen eraikuntzak hainbat kontu ekarriko lituzke. Azaldutakoaren arabera, “irisgarritasuna” hobetzea proposatzen dute, autobus geltokietara heltzeko “oinezkoentzako bideak (arrapalak)” eraikiz. Gunearen segurtasuna mantentzeko, “eremua argitzea” proposatzen dute Luis Egurrolak zuzendutako Udaletik, baita inguruan komun publikoa eraikitzea. Markesina estaliak jarriko lirateke, “eremua euri eta haizetik babesteko”. “Kiroldegiaren ondoko aparkalekuaren eremua handitzea” ekarriko luke proiektuak, azkenik. 

Proposamenak

Markina-Xemeingo autobus geltoki berriaren azterlanari buruzko prozesu parte-hartzailea martxan jartzerako orduan zenbait pauso eman dira aldez aurretik. Bada, udal gobernuak proposamena Osoko Bilkuran proposatu zuen. “Azterlan hori egin da geraleku berria egiteko dauden aukerak aztertzeko. Gai honen harira bilerak izan dira Markina-Xemeingo Udalaren eta Bizkaiko Aldundiaren artean. Bizkaiko Foru Aldundia proiektua lantzen ari da une honetan baina, bitartean, herritarren ikuspuntua eta ekarpenak jaso” nahi dituzte, “herritarren proposamen hauek proiektuan txertatu ahal izateko”. Egunotan etxez-etxe banatuko du azterlanaren inguruko informazioa jasotzen duen eskuorria. “Orri horretan bertan proposamenak egiteko aukera izango dute herritarrek, euren ikuspuntua helaraziz.