Ordenantza fiskaletan ez du igoerarik aplikatuko Markina-Xemeingo udalak 2023 urtera zerga. “Azken hileetan KPIaren gorakada nabarmena eman den arren, egoera ekonomikoa konplikatua dela” jakitun da Luis Egurrolak gidatzen duen udal administrazioa, “eta beraz tasak ez igotzea erabaki da, udalaren diru-sarreretan ere gorakada eman dela kontuan izanda”.
Hala ere, egoera orokor honi zenbait salbuespen erantsi zaie. Honen kasua da “hiri-lurren balio gehitzearen gaineko zerga arautzen duen ordenantzan zergatipoa %15etik %20ra igotzea”, adierazi dute udal arduradunek. “Dena den, udalak aurretiaz onartutako salbuespenak mantentzen dira: gurasoetatik seme-alabei, seme-alabetatik gurasoei eta izatezko bikoteen arteko herentzien kasuetan ez da kobratuko”. Bestetik, “Barroeta futbol zelaia erabiltzeagatik ordaindu beharreko tasetan erroldatu gabeko erabiltzaileentzat tarifa berriak onartu dira”, eta horrez gain, hobari berri bat aplikatzea onartu du udalak: “ondasun higiezinen gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskalean % 50eko hobaria” eskaintzea “familia ugariko titularrak direnei. Hobaria, beti ere, etxebizitzaren gutxieneko balio egozgarria 300.000 eurotik beherakoa bada aplikatuko da eta familia ugaria erroldatuta dagoen ohiko etxebizitzari aplikatuko zaio”.
Kreditu aldaketak
Bestetik, oraintsu egindako Osoko Bilkuran hainbat kreditu aldaketa onartu dituzte udal ordezkariek, 306.000 eurotik gorakoak. Besteak beste, alkate dekretu bidez onartu edota bilkuraren oniritziaz ontzat eman diren aldaketarik garrantzitsuenak hauek dira: hilerrian egindako hobekuntzak, hainbat eraikinetako energia gastuak –55.000 euro– edota Arretxinaga plazako lurzoruaren aldaketa –16.000 euro–, besteak beste. “Hainbat inbertsio aurrera eramateko aditzera eman eta onartu diren kreditu aldaketekin 2022ko udal aurrekontua igo egin da”, azaldu dutenez.