Getxoko Udalak herriko 29 langabe kontratatuko ditu udal programetan lan egiteko. Ekimen horretarako 347.334 euroko aurrekontua bideratuko du, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emandako 514.800 euroko dirulaguntzatik aterako direnak. Bestalde, beste 167.433 euro bideratuko ditu tokiko enpresentzako kontrataziorako laguntzetara.
Udal proiektuak
Enplegua sustatzeko dirulaguntzaren helburua da bultzatzea langabeak, aldi baterako lan-esperientzia baten bidez, lan-merkatuan sar daitezen, eta indartzea haien kualifikazioa, gaitasun pertsonalak eta motibazioa.
Getxoko 29 langabetu kontratatuko dira 26 udal proiektutarako. Hauek dira eskatutako profilak: 16 administrari; erdi-mailako 6 teknikari (gizarte-hezitzaile 1; enpresetako aholkulari 1; enpresen antolaketa eta administrazioko goi-mailako teknikari 1; analista-programatzaile edo aplikazio informatikoen programatzaile 1; sistemen informatikako ingeniari teknikoa edo sistemen eragiketetako teknikari 1 eta publizitateko eta/edo harreman publikoetako teknikari 1); merkataritzako administrari 2; merkataritza-agente 1; eraikinen mantentzaile 1; herri-lanetako peoi 1; pintore 1 eta delineatzaile 1.
Azaroaren 7an hasiko dira eskaintzak kudeatzen. Ezinbesteko baldintzak honako hauek izango dira: langabetuak izatea eta Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea; lanposturako eskatzen den titulazioa eta/edo prestakuntza izatea eta eskatutako okupazioan inskribatuta egotea eta Getxoko udalerrian erroldatuta egotea. Baldintza horiez gain, proiektuaren eta garatu beharreko zereginen arabera, euskara-maila eta/edo titulazioa ere kontuan hartuko dira.
Enpresentzako laguntzak kontrataziorako
Bestalde, azaroan kontrataziorako laguntzen deialdi bat argitaratzea ere aurreikusita dago. Deialdi horretara 167.433€ bideratuko dira.
Dirulaguntza horiek dira langabezian dauden, Getxon erroldatuta dauden eta Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dauden pertsonak kontratatu dituzten tokiko enpresentzat. Kontratu horiek 2022ko urtarrilaren 1etik ekainaren 30era bitartean hasita egon beharko dute. Kontratuek mugagabeak eta lanaldi osokoak izan behar dute, edo lanaldi partzialekoak, baina gutxienez lanaldiaren %50 izan behar dute.
Gehieneko laguntza 8.000 eurokoa izango da lanaldi osoko lan-kontratu bakoitzeko. Lanaldi partzialeko kontratuak ere diruz lagunduko dira, gutxienez lanaldiaren %50a dutenak. Honako kolektibo hauetako pertsonak kontratatzen badira: DSBEaren titularrak edo onuradunak, 35 urtetik beherakoak, iraupen luzeko langabeak eta 55 urtetik gorakoak, laguntza 10.000 euroraino igoko da. Kontratuak emakumeei egiten zaizkienean, dirulaguntzaren zenbatekoa % 10 handituko da. Laguntzaren azken zenbatekoak ezin izango du gainditu kontratatutako pertsonaren urteko soldata-kostuen eta gizarte-segurantzako kostuen % 75 (% 100 kolektiboaren kasuan).
Gainera, kontratazioek enplegu-sorrera garbia ekarri beharko dute, diruz lagundutako kontratua duten pertsonak lanean hasi aurreko 6 hilabeteetan enpresan zegoen batez besteko plantilla osoaren gainean, eta kanpoan geratuko dira deialdi honetan eta aurreko deialdietan enpresa berean kontratatzeagatik laguntza jaso duten pertsonen lan-kontratazioak.
Deialdia azaroan argitaratzea aurreikusten da, BAOn, eta eskaerak data horretatik aurrera aurkeztu ahal izango dira.