Patxi Zubizarretaren nobela-proiektu batek irabazi du Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak urtero antolatzen duten Augustin Zubikarai saria. Antolatzaileek azaldu dutenaren arabera, “zortzi lan aurkeztu dira aurten, eta horien artean Zubizarretaren proposamena aukeratu du” Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak.

Gau otsoa da Patxi Zubizarretaren proiektuaren izenburua, eta insomnioa hartu du bere lanaren ardatz gisa, “gizartean guztiz zabaldutako gaitza eta, aldi berean, gizartearen gaitzen erretratua egiteko balio duen sintoma”.

Patxi Zubizarreta 1964an jaio zen Ordizian, eta Gasteizen bizi da. “Obra ugaria sortu du bai helduentzat bai, batik bat, haur eta gazteentzat, eta ezin konta ahala dira irabazi dituen sariak. Besteak beste, haur eta gazte literaturako Euskadi Saria lau aldiz”, gaineratu dutenez. XXII. Augustin Zubikarai saria urriaren 27ko arratsaldeko seietan emango zaio, Ondarroako Kofradia Zaharrean, Literatur Amuak delako jardunaldien barruan: 6.000 euro eta Elkar argitaletxearekin liburua argitara-tzea.