Koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta aurreko bi edizioak bertan behera utzi behar izan ondoren, Ugao-Miraballesko Udalak Udarriagako Ama Birjinaren omenezko jaiak ospatu ahal izango ditu aurten. Jaiak irailaren 6tik 12ra bitartean ospatuko dira.

Ekaitz Mentxaka alkateak, Ana Maite Fernández Kultura eta Berdintasun zinegotziak eta Joseba Arrieta eta Xabier Gutierrez Jai Batzordeko kideek azaldu dituzte aurtengo programaren nondik norakoak. Ekitaldian izan dira baita jaietako beste protagonista garrantzitsu batzuk, hala nola Asier Peña, pregoia irakurriko duten Ugaoko buruhandi eta erraldoien ordezkari gisa eta bolari bira emango dion Jon Gil, euskal sukaldaritzako handienetako bat izatera deituta dagoen sukaldari ugaotarra.

Aurkezpenean, Ekaitz Mentxakak alkateak, programatu diren jardueren kalitatea eta aniztasuna azpimarratu ditu. “Ugaoko kaleak kolorez eta alaitasunez beteko dira, eta hainbat ekitaldi egingo dira bertan. Publiko guztietarako berrogeita hamar jarduera baino gehiago izango ditugu. Aukera hau aprobetxatu nahi dut Jai Batzordearen dedikazioa eta konpromisoa eskertzeko, baita aurtengo egitaraua egitea ahalbidetu duten elkarte, talde, udal langile eta pertsona guztiena ere”.

Bestalde, Ana Maite Fernandez zinegotziak adierazi du “aurtengo jaiak azken urteetako berezienak” izango direla. “Bi urte atipiko eta oso gogorren ondoren, ilusio handia dugu, eta, batez ere, gure lagunekin eta senideekin elkartzeko eta berriro jaiez gozatzeko gogo handia. Hori bai, urteko gainerako egunetan bezala, jaiek errespetuzko, dibertimenduzko eta bizikidetzako egunak izan behar dute, Ugao-Miraballesen izaerarekin bat datozen baloreak direlako. Horregatik, Udaletik jaiez arduraz gozatzeko deia egiten dugu.” Zinegotziak azpimarratu du eraso sexisten aurkako borroka guztion ardura dela, administrazioena eta gizarte osoarena. Horregatik, herriko jaietan gerta daitekeen edozein eraso salatzeko deia egin du.