Iazkoan egindakoaren eta etorkizunean dituen erronkak errepasatu ditu Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak. Bermeok izan ezik eskualdeko beste 19 udalerrik osatutakoa, Mankomunitatean prestazio edo laguntza aktiboren bat duen familia-unitate kopurua kontuan hartuta, “biztanleen %20,85ak 2021an Oinarrizko Gizarte Zerbi-tzuetan espedientea indarrean izan duela esan dezakegu, 6.168 pertsona guztira”. Pandemiak bere eragina izan duela ere nabaria da. “Horietatik 512 berriak izan ziren”, gehitu zutenaren arabera.

“Bizitza independientea aurrera eramateko zailtasunak dituzten pertsonei –adinekoak, mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonak…–laguntzea, haien autonomia pertsonala bultzatzea” eta “gizarte integrazioa bultzatzea, gizartetik kanpo gelditzeko arriskuan dauden herritarrei edo babesgabetasun egoeran dauden pertsona eta familiei arreta ematea” dira erakundearen zeregin nagusiak. Eta, batez ere, horretn jardun zen Ana Ormaetxeak zuzendutako erakunde publikoa. Bada, eta erabiltzaile kopuruari begiratuta, etxez etxeko laguntza-zerbitzuan 179 erabiltzaile izan zituzten guztira 2021 urtean. Autonomia pertsonalaren sustatzea eta mendekotasun egoeran dauden pertsonen arretari dagokionez, “mendekotasunaren balorazioa egiteko helburuarekin guztira 397 eskabide bideratu ziren” horretarako eskumena duen erakundera, Bizkaiko Foru Aldundira. Bestetik, Mankomunitateko laguntza teknikoen mailegu zerbitzuan 53 pertsonek jaso zitueten. Eta Eusko Jaurlaritzako telelaguntza zerbitzua jasotzeko “171 eskabide bideratu ziren gure erakundetik, esan beharra dago gure datuen arabera 848 pertsonak jaso izan zutela zerbitzu hau 2021ean”. Azkenik, haurtzaro eta Familia Arlotik antolatutako programa desberdinetan 70 familiak parte hartu zuten.

Hala ere, Gizarte Zerbitzuen Busturialdeko Mankomunitateak beste zeregin batzuk ere baditu. Hauen artean da Prebentzio Komunitarioa deritzona, “haur eta gazteen arrisku jokabideei aurre egiteko antolatutako ekintzei dagokionean”. Guraso eta irakasleekin egindako lan-saioetan 94 pertsonak parte hartu zuten, “ikasleei zuzendutako saioetan berriz, 484 izan ziren parte hartzaileak. Horrez gain, zerbitzu honen bitartez, Adikzioen Tokiko Plana burutu eta onartu da Mankomunitateko Batzar Orokorrean 2021eko maiatzean. Horretarako 12 eztabaida talde antolatu genituen eta 60 pertsonek parte hartu zuten hauetan”.

Beste atal garrantzitsu bat Gizarte Larrialdietarako Laguntzak dira, “oinarrizkoak diren gastu zehatz ba-tzuei aurre egiteko laguntasun ekonomikoak, gastu horiei erantzuteko zailtasun ekonomikoak dituzten pertsonentzako”. EAEko Aurrekontu Orokorren kontura finantzatutakoak, “2021. urtean, guztira, 307 bizikidetza unitatek jaso zute laguntasun hau. Zenbatekoa, guztira, 425.091,35 eurotakoa izan” zela nabarmendu zuten. Bestetik, “gizarte-zerbitzuen erabiltzaileentzako lege-aholkularitza zerbitzuan 353 kontsultaizan zituen”, eta Immigrazio zerbitzuan “1.518 kontsulta izan ziren atzerritartasunari buruzko oinarrizko informazioari buruz. Zerbitzutik antolatutako sentsibilizaio programa desberdinetan berriz 96 pertsonak hartu zuten parte”.

Azkenik, erakundeak Gernika-Lumoko Alondegia kalean du egoi-tza nagusia. Edonorek jo dezake laguntza bila jendaurreko arretarako ordutegian. Hauxe da ordutegia: astelehenetik ostiralera, 09.00etatik 14.00etara arte.