Busturiako Udaleko Bardintasun Arloak zaintzei buruzko gida bat argitaratu du bizilagunei udalerrian egindako egoeraren diagnostikoaren emaitzen berri emoteko eta zain-tzaileei informazio praktikoa emateko. Jasotako datuen arabera, zainketen erantzukizuna emakumeei dagokiela azpimarratu dute. Emakumeen “%92,6k seme-alabak zaintzeko eszedentziak hartzen dituzte, eta %82,6k mendeko pertsonak zaintzeko. Etxetik kanpo lan egiten duten emakumeek 5,1 ordu emoten dabez egunean adin-txikiko seme-alabak zaintzen, gizonek 3,3 ordu egunean”. 

Elkarrizketen, inkesten eta Emakumearen Kontseiluaren bileren bidez burutu da diagnostikoa eta bertan argiro ondorioztatzen da eguneko tendentzia bat: “zainketen erantzukizun soziala oraindik ere emakumeei dagokiela”. Eta gidaren bitartez, mendeko adinekoen zaintzaileentzako hurbileko baliabideei buruzko informazio erabilgarria eman nahi da, “hala nola Zainduz proiektua, familia zaintzaileei arreta eta laguntza emotekoa (busturialdeazainduz.eus), eta laguntza-taldeak, elkarteak eta komunidade-sareak, guraso eta zaintzaileentzat edo etxeko langileentz”. Aitor Aretxaga Busturiko alkatearen esanetan, “lana eta bizitza pertsonala uztartzeko ezintasunak gainkarga emozional eta estresa sortzen ditu eta familia askok ezin dituzte euren nagusiak nahi bezala zaindu”. Hori dela eta, egoera honek “kezkatzen eta arduratzen gaitu”. “Zaintzaileak zaindu nahi ditugu, eta egin dugun diagnostikoari esker, geure herritarren benetako egoera ezagutzen dugu, eta horren arabera jardun dezakegu, laguntza, informazioa eta baliabideak eskainiz hobeto antola-tzen laguntzeko eta zaintzeko lana baldintza hobeetan eramateko”.

Indarguneak eta ahuleziak Busturiako zaintzari lotutako zerbitzuen herrian egindako diagnostikoaren ondorio nagusiak batzen ditu, zainketekaz lotutako beharrak identifikatzeko. “Diagnostiko hau Busturiako II. Bardintasun Planean oinarrituta garatu da, bertan onartzen da zaintzak eta erantzunkidetasuna funtsezkoak direla gizarte bidezko eta zuzen gisa hobe-tzeko”. Ikerketak, bestetik, “gainditu beharreko ahuleziak identifikatu nahi izan ditu, baita mantendu beharreko indarguneak eta lortu nahi ditugun hobekuntzak ere”. “Egin dugun ikerketa-lan horren guztiaren emaitza gidan jaso dugu, herri osoak errealitatearen eta baliagarria izan dakiokeen informazino praktikoaren berri izateko”, azaldu du Naiara Ruiz Badiolak, Busturiako Udaleko zinegotziak.