Síguenos en redes sociales:

Amorebietak hasierako onarpena eman dio Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari

Ostiral honetan, uztailak 15, ospatutako ezohiko osoko bilkuran hasierako onespena jaso egin du Amorebieta-Etxanoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak.

Anartz Gandiagak, Hirigintza zinegotziak azaldu duenez, hasierako onarpen honekin Amorebieta-Etxanoko etorkizunaren oinarriak finkatzen dira: "Bizitzeko eta lan egiteko herri onena izateko oinarriak ezartzen ditugu. Guztion artean definitu genuen Amorebieta-Etxanoko ibilbide-orria, pertsonen bizitza hobetzeko, inor atzean utzi gabe. Oraindik ibilbide luzea geratzen den arren, urrats garrantzitsua da gure udalerriaren etorkizunerako. Esan eta egin”.

Gandiagak adierazi du Udalak azkarrago iritsi nahi izan duela une honetara: "Baina denok ezagutu duzue urte hauetan idazketa-taldearen eskutik, egin ditugun batzordeetan, Hiri Antolamenduko Plan Orokor bat aurrera eramateak duen konplexutasuna".

Bizitzeko lekua

Gandiagak azpimarratu duenez, Amorebieta-Etxanok azken urteotan bizi izan duen eraldaketak, urbanoak zein zerbitzuetakoak, beti izan ditu erdigunean pertsonak: "honek lagundu du ‘Zornotzarra naz eta harro nago’ sentimendua berreskuratzen". Eta HAPO berri honekin, gure udalerriko bizilagunen laguntzarekin diseinatua, ildo horri jarraitzen diogu. Amorebieta-Etxano bizitzeko herri zoragarria da, oinezkoentzat atsegina, irisgarria, orekatua, ondo komunikatua, sozialki eta ekonomikoki kohesionatua eta oso dinamikoa, eta horrela izaten jarraitzea nahi dugu”. Era berean, Gandiagak gogorarazi du udalerria ekonomikoki aktiboa ere badela: «udalerri industrial batean bizi gara, eta jasangarritasun-parametroekin eraldatzen jarraituko dugu, espazio libreak, berdeguneak, parkeak, zuhaiztiak, ekipamenduak, kirol-instalazioak, bizitegi-eremuak, jarduera ekonomikoetarako eremuak eta lurzoru urbanizaezina uztartuz».

Era berean, Gandiagak azpimarratu du Udalaren helburua Amorebieta-Etxano guztiontzako aukerak dituen udalerria izatea dela: «gure gazteek etxebizitza eskuragarriak izatea nahi dugu, gure enpresekiko, merkataritzarekiko eta ostalaritzarekiko aktiboa den herria nahi dugu, gure ondarea ahaztuko ez duena eta hazkunde orekatua izango duena». Udalerri-eredu horren alde urte asko daramatzagu lanean, eta, lehen esan dudan bezala, gaur onartu dugun Hiri Antolamenduko Plan Orokor berri honekin ere ildo beretik jarraituko dugu.

13 aldaketa zehatz 2001etik

Egungo Arau Subsidiarioak (AASS) 2001. urtean sartu ziren indarrean, eta urte hauetan 13 aldaketa zehatz izan dira. Gandiagak adierazi duenez, “Hiri Antolaketako Arau hauei eta horien aldaketei esker, gure udalerria ez da gelditu gaur egun arte, ezta pandemia garaian edo aurreko krisi batzuetan ere, modu jasangarrian, orekatuan eta eraginkorrean hazten eta garatzen jarraitu dugu, jarduera handia izan dugu”.

Zinegotzi zornotzarrak azpimarratu du herriak beti izan duela hiri-proiekturen bat garatzen ari dena edo udalerriaren intereserako garatu beharrekoa: "garrantzitsua da dokumentu bizia izatea, gaur egungo beharretara eguneratua. Gainera, etorkizuneko beharrak zeintzuk izango diren inork jakin ez arren, gure udalerriaren egiturazko antolamendua definituko duen plangintza eguneratu bat egon behar da”.

Plan berriaren ezaugarriak

HAPOri gaur emandako hasierako onarpenak kirurgia bat aurreikusten du, euste-plan bat, biztanlerian gehiegi ez hazteko eta, horrela, gure identitatea mantentzeko: lurzoru naturala mantenduko da, garatu beharreko lurzoru berriak ahalik eta gutxien okupatuko dira eta lurzoru batzuk deskalifikatuko dira. Era berean, kirol-ekipamendu eta instalazioen aldeko apustua egingo dugu, eta gure udalerriko ikastetxeak bultzatuko ditugu. Hori guztia oinak lurrean izanda”.

Gandiagak azaldu duenez, bizitegi-lurzoru berriak ere planteatzen ditu HAPOak, etxebizitza babestuak, industrialak eta jarduera mistoak bultzatuz: “Udalerri erakargarria izaten jarraitu behar dugu industriarentzat, hau da, estrategikoa; horregatik da garrantzitsua lurzoru industriala eta gainerako jarduera ekonomikoetarako lurzorua izatea, lehen sektorearen bultzadari ere keinu eginez. Garapen ekonomikoa eta garapen soziala behar ditugu”.

Era berean, HAPOk landa-nukleoak, auzoak eta lurzoru urbanizaezinaren multzoa antolatzen ditu, gure ingurumena babestuz eta gure ondarea alde batera utzi gabe: “herri berdeagoa eta atseginagoa planteatzen dugu, gure birika berdea sendotuz eta gure eraztun berdea Astepetik Jauregibarriaraino aisialdirako gune eta parke berriekin zabalduz, Ibaizabal ibaiarekin batera ibai-pasealekuen bidez”.

Amaitzeko, Gandiagak azaldu du Hiri Antolamenduko Plan Orokorra definitzerakoan, dokumentu osoan izan direla kontuan genero-ikuspegia, hizkuntza-inpaktua eta energia-iraunkortasuna klima-aldaketaren aurka borrokatzeko.

Prozesu luze eta konplexua

Amaitzeko, zinegotzi zornotzarrak prozesua uste baino gehiago luzatu izanaren arrazoietako batzuk azaldu ditu. Horrela, dokumentu honen sorreran herritarren parte-hartzea oinarrizkoa izan dela gogorarazi du: "Herritarren partaidetzarako programan zehazki definitutako ekintzak eta prozesu osoan zehar irekitako herritarren parte-hartzea funtsezkoak izan dira. Azken unera arte lan egin da, hainbat iritzi entzunez eta kontuan hartuz eta proiektu berri horiek amaierako dokumentuan txertatzen saiatuz. Bilera asko egin dira eremu guztietako herritarrekin, guztien artean dokumentu honetan beren doikuntzak eta proposamenak sartu ahal izateko. Bilera horien ondorioz, oso akordio eta adostasun garrantzitsuak lortu dira dokumentua hobetzeko”.

Anartz Gandiagak balorean jarri nahi izan ditu, baita ere, talde politiko guztien ekarpenak: "Horietako asko sartu dira, eta sartu ez diren arrazoiak batzordeetan azaldu dira".

Amaitzeko, gogorarazi du Udalak Amorebieta-Etxanorekin duen konpromisoari eta egindako lanari esker, Amorebieta-Etxano ez dela geldituko hasierako onarpen honekin batera doan lizentzien etenaldian: "Zerbitzu guztiak bermatu dira gure udalerria egunez egun hobetzen jarraitu ahal izateko”.

Jendaurrean ikusgai

Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak hasierako onespena jaso ondoren, dokumentazioa jendaurrean egongo da 2022ko urriaren 31ra arte. Herritarrek triptiko bat jasoko dute etxean. Era berean, Aholku Batzordea 2022ko uztailaren 27an 13:00etan bilduko da, eta aurkezpen publikoa egingo da 2022ko irailaren 15ean, 18:30ean, Zelaieta Zentroan.

Era berean, dokumentazio guztia udalaren webgunean eta bulego teknikoan egongo da eskuragarri jendaurrean egongo den aldi osoan, eta laburpen-dokumentuaren erakusketa iraunkorra egongo da bulego teknikoaren beheko solairuan 9:00etatik 14:00etara eta Zelaieta Zentroaren sarrera nagusian.