Urteroko Bizkaiko ikastolen hitzordu berezia Ondarroak hartuko du datorren urtean. Eta izaera oso berezia izanik, kostaldeko udalerriak bere marka jarriko dio. Aste honetan aurkeztu dituzte egun horretan jaiak izango duen logoa eta irudia. Eta hizki bik berau osatuko dute leloa: x eta e: xe. Ibilaldixe izango da. "Hizki jolasti bi. Hain zuzen, horixe egin nahi izan dugu: hizkuntzarekin jolastu; Ibilaldia geurera ekarri. Geure gustuz busti", Zubi Zahar ikastolako antolakuntzatik azaldu duten moduan.

2011. urtean hartu zuen azkenengoz Ondarroako ibilaldia. Eta hasiak dira jada antolaketa lanetan. Izan ere, horrelako jai bat antolatzea hilabete luzeetako lana da. Leloa da lehendabizi iragarri duten kontua. "Ondarroan Ibilaldiari Ibilaldixe esaten diogu, eta hortik hartu dugu gure leloa: Xe". Diotenez, "Xe esanez hitz egiteko modu bat ez ezik herri bat ere irudikatu nahi dugu. Euskara berea duen herri bat. Ibili dabilen hizkuntza bat. Bizia. Goroldiorik gabeko harria bezalaxe". "Gure herria, gure herrixe, horrelakoxea delako: bixixe. Alaixe. Argixe. Iraixe".

"Bertakoon jolasteko gogoa, euskaraz bizitzeko gogoa, kutsakorra izan dadila Ibilaldira datozenentzat. Hezetu ditzagun mihiok euskaraz. Erabil dezagun guztiok, harro eta, zergatik ez, lotsagabe, bere itxura guztiekin zabaltzea". Oraindik asko dira definitzeke dauden kontuak -ibilbidea, ordutegiak, segurtasun kontuak etabar luze bat...- baina hasiak dira lanetan. Eta Ibilaldiak ber dituen motibazioak izango dituela aurreratu dute: "Euskararen sustapena bultzatzea" da helburu nagusia, baina "sexu eta generoari lotutako rolak gaindi-tzea", "jasangarritasunaren ikuspuntua" lantzea, parte hartzailea izatea edota "berdintasun-ezberdintasuna bultzatzea, behar desberdinetako pertsonentzako Ibilaldia diseinatuz, hau da, denontzako Ibilaldia garaztea" ere bialtuko dute.

Ikastola zabaldu

Zubi Zahar ikastolak antolatuko duen Ibilaldiak beste zenbait gidalerro izango ditu. Besteak beste, "euskara eta euskal kultura ardatz dituen gure ikastola herrira zabaltzea" bilatuko dutela adierazi dute. "Herriko eragile eta taldeekin harremanak sendotzeko" ere izango da erabilgarri ekimena. Eta "gure hezkuntza komunitateak ikastolarekiko duen atxikimendua areagotzea" ere garrantzitsutzat jo dute. Egingo diren ekimenek "ikasleei auzolanaren garrantzia" transmititzeko izango dira, "guraso eta ikastolako komunitate osoa eredu izanik". zkenik, "arkitektura pedagogia berrietara egokitzeko baliabide ekonomikoak lortzea" ere izango dute jomuga.