2015. urtean egin zuten lehen plana, eta indarraldia jada agortuta, berria egiteari ekin zioten iazkoan. Aste honetan, astearteko Osoko Bilkuran -ekainaren 7an-, zehaztu zituzten etorkizunerako gidalerroak. Berdintasun-politikaren arloan 2022-2025 aldirako duen jarduera estrategikoari eusten dioten edukien proposamena jaso du udalak Emakume eta Gizonen Berdintasunerako II. Planean.

"Plan horren osaketarako, 2021ean zehar egitasmo hark emandakoak ebaluatu dira eta berdintasun diagnosikoa eguneratu da. Txosten horretan oinarriturik, eta herriko eragile ezberdinen kolaborazioari esker" sortu da Markina-Xemeingo Berdintasunerako Plan berria. "Udalean bertan, eta udaletik herrira burutzen diren ekintzetanberdintasun ikuspegia txertatzeko helburuarekin" osatu eta onartu berri dute. Horretarako, modu koordinatuan lan egin da "udal langile, politikari eta herriko eragileekin. Besteak beste, elkarrizketak eta talde dinamikak egin dira, planerako proposamenak jasotzeko. Elkarte eta gizarte arloko 25 eragileen ekarpenak jaso dira". Planari buruzko zehatasunak eskaini ahal izateko, biharkoan aurkezpena egingo dute, 18:00etan Esperantza aretoan egingo den ekitaldian.

Horrez gain, lana eta familia bateragarri egiteko zaintzari eta erantzunkidetasunari buruzko azterlan bat egiten ere ari da Markina-Xemeingo Udala. "Markina-Xemeinen zaintza-lanen errealitatea ezagutzea da helburua: zaintza-beharrak, ezaugarriak, azken urteetan sortutako aldaketak... Horrela, zaintza-egoeren aniztasunari erantzungo dioten politika publiko erantzunkideak egin ahal izango dira". Nabarmendutakoaren arabera, "horretarako, galdetegi bat prestatu eta banatu du udalak etxez etxe". Uztailaren 7ra arte aukera egongo da galdetegia bete eta aurkezteko, udaletxeko Berton bulegoan, (8:15-14:30) eta Herri Bibliotekan (11:00-13:30 /15:00-19:00) edo berdintasuna@markina-xemein.com helbidera bidalita.

Plan berria

Berdintasuna. Bigarren Berdintasun Plan udalean bertan, eta udaletik herrira burutzen diren ekintzetan "berdintasun ikuspegia txertatzeko helburuarekin" osatu dute.

Localizador. Plana osatzeko partaidetza izan da gako nagusienetakoa. "Elkarte eta gizarte arloko 25 eragileen ekarpenak jaso dira", azaldu dutenez.