Basauriko Udalak berriro aktibatu ditu aurrekontu parte-hartzaileak, eta, beraz, berriro hartuko ditu kontuan herritarren proposamenak, proiektu horiek hurrengo udal-aurrekontuetan sartzeko. Horrela, herritarrek proiektu eta ekintza zehatzak proposatu ahal izango dituzte bigarren urtez jarraian. Ondoren, lehentasuna izango dutenak aukeratuko dituzte. Guztira, 400.000 euro bideratuko ditu Udalak herritarren proposamenetarako. Iaz bezala, prozesuak lau fase izango ditu. Lehenengoan, basauriarrek beren proposamenak egingo dituzte. Herritarren proposamen guztiak jaso ondoren, "Udaleko arloek haien bideragarritasuna aztertuko dute, eta lehentasuna emango diete ezarritako baldintzak neurri handiagoan betetzeagatik bozkatuak izan daitezkeenei", azaldu zuten Udaletik. Ondoren, herritarrek bozkatu egingo dute, 2023ko ekitaldiko aurrekontuan sartuko diren proposamenak hautatzeko eta, Basauriko Udalak emaitza argitaratuko du, "baita, aldizka, proiektuak gauzatzean egingo diren urratsak ere".

Lehenengo fase honetan, ekainaren 13tik 26ra (biak barne), basauritarrek proposamenak egin ahal izango dituzte; zehatzak izango dira eta argi eta garbi planteatuko dira. Onartuak izateko, baldintza batzuk bete beharko dituzte. Hauen artean, Udal-eskumenekoak diren arloei lotuak izango dira; bideragarriak eta jasangarriak izango dira, ekonomikoki eta teknikoki; Interes orokorra gailenduko zaie interes partikularrei; udalerriko auzoen arteko oreka bermatuko da; ez da gaindituko 50.000 euroko kostua; ez da arriskuan jarriko etorkizuneko gastu ekonomikoa; ez die eragingo jabetze pribatuko eremuei; eta gaur egun ez dira egongo planifikatuak edo exekuzio-fasean. Parte hartzeko presentzialki egin ahal izango da, HAZ, Udaletxearen beheko solairuan eta San Miguelen, baita kultur etxeetan eta Artunduagako Kiroldegian, Euskaltegian eta Marienean. Gainera partaidetza postontziak Basauriko hainbat lekuetan jarriko dira. On line ere ekarpenak egiteko aukera ere emango du Udalak (ados.basauri.eus web orrian).

Iazko proiektu batzuk

Iaz 10 proiektu aukeratu ziren eta 2022ko aurrekontuan sartu ziren, "eta pixkanaka gauzatzen ari dira ekitaldi honetan". Adibidez, oinezkoentzako irisgarritasuna hobetzeko barandei dagokienez, "adjudikazio-fasean dago baranden instalazioa honako puntu hauetan: Federico Mayo II fasea, Ramon Kareaga 27 (anfiteatroaren aurrean) eta Kanda Landaburu". Beste alde batetik, iturri bat eraikiko da ibaiaren bestaldean, Garbigunean, mahaien eremuan, eta iturriak egokituko dira, txakurrek erabil ditzaten. "Udalerriko zuhaiztiak zabaldu/basoberritzeko eta ingurumen-sentsibilizaziorako hezkuntza-panelak jartzeko proiektuari dagokionez, jada zehaztu dira basoberritu behar diren udal-titulartasuneko hainbat eremu".

Gainera udal-eraikinetan eguzki-panel kopurua handitzeko herritarren eskaerari dagokionez, "kontratatu egin da autokontsumorako eguzki-plaka fotovoltaikoen instalazioa Udaltzaingoak eta Babes Zibilak egoitza duten larrialdien eraikinean (Jaga kalea 2)". Eraikin publikoen eguzki-potentzialaren inguruan aurrez eginiko azterlan baten ondoren aukeratu da kokapen hori eta 70 panel fotovoltaiko instalatuko dira.