- Maiatzaren 19an ekingo dio Herbehereetako, Irlandako eta Dinamarkako geoturismoan eta turismo iraunkorrean espezializatutako kazetari-talde batek Urdaibaiko altxorrak ezagutzeko bidaiari, Espainiako Turismo Bulegoak (Turespaña), Espainiako Ekoturismo Elkarteak, Basquetourrek, Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkeak, Urdaibai Biosfera Erreserbako Zerbitzuak eta Urremendi Landa Garapenerako Elkarteak antolatuta. Lehendabizi euskal kostaldeko geoparkean izango dira, ostegunetik aurrera Urdaibain egoteko. Euskadiko Biosfera Erreserba bakarrean izango dira eta lurraldeko natura eta kultura ondarea ezagutzeko aukera izango dute.

Urdaibaiko Turismo Jasangarriaren Gutunarekin bat egiten duten edo hari atxikitzeko prozesuan dauden enpresek hartuko dituzte bisitariak. Naturak eta gastronomiak toki berezia izango dute turismoan espezialista diren bisitan. Eta antolatutako txangoaren arabera, hauetako leku batzuk bisitatuko dituzte: Busturiako Madaixagane jatetxea, Berroja eta Itsasmendi upategiak, Campos kontserbak, Atxurra landa hotela edota Urdaibai Bird Center. Horrez gain, ostiralean, maiatzaren 20an, Gernika-Lumo bisitatuko dute, euskal herritar guztientzako sinbolismo eta garrantziaz betetako tokia, demokraziaren eta eskubide historikoen ikur gisa. “Eguerdian, Bermeoko itsas herria ezagutuko” dutela zehaztu dute, “Arrain Azokako giroaz gozatzeko” aukera izango dutelarik. Eskualdeko historia ezagutaraziko diete -Foruko hondakin erromatarretan barrena ibilaldi bat eginez- eta bisitaldiaren azken egunean, “Urdaibai Biosfera Erreserbaren bihotzaz gozatzeko gorde da: padurara. Gautegiz-Arteagan kokatzen den Urdaibai Bird Centerrera egingo duten bisitaren bidez, ingurumenari dagokionez balio handia duen eta erreferentea den gune babestu hori ezagutuko dute”.