Joan den urtarrilean jarri zen abian Cardioprint egitasmoa Iruñean egin zen aurkezpenarekin. Proiektu berri da berau, Nafarroako Unibertsitateak (UNAV) lidergotza duena eta bost bazkidek parte hartzen dute, Leartikerrez gain: Universidad de Zaragoza (UNIZAR), Instituto de Bioingeniería de Cataluña (IBEC), Asociación CIC nanoGUNE, Nadetech Innovations eta Fundación para la Investigación Biomédica Hospital Gregorio Marañón (FIBHGM). CardioPrint proiektua Europar Batasuna-NextGenerationEU-k finantzatzen du, Estatuko Ikerketa Agentziaren (AEI) bidez. Helburu modura kardiopatia iskemikoa da heriotza gutxitzea da, eta “3D inprimaketaren, biomaterialen eta zelula amen azken berrikuntzen garapena uztartzen du”.
Kardiopatia iskemikoaren aurkako borrokan “ahalegin handia egiten” ari da Europar Batasuna, eta “gaixotasun horrentzako konponbideak bilatzeko” lanean ari dira. “Medikuntza birsortzaileak, terapia zelularrak eta bihotz-ehunaren ingeniaritzak (cTE) arrakastarik gabeko emai-tzak eman dituzte tamaina handiko animalia-ereduetan edo giza eskalan, eta hortik sortu da honelako proiektu bat sortzeko beharra”, Leartikerretik diotenez.
Zehaztu dutenez, “CardioPrint proiektuak 3D inprimaketaren, biomaterialen eta zelula amen azken berrikuntzen garapena uztartzen ditu. Bere helburu nagusia biofabrikazioaren alorrean aurrera egitea da, giza eskalan bihotzeko ehun terapeutikoak sortzeko gai den fabrikazio gehigarriko teknologia multifuntzional berri bat garatuz”. Ehun horiek sortzeko, Markina-Xemeinen kokatutako Leartikerrek modelatu konputazionalaren bidez inprimatuko diren hidrogel kardio-mimetikoak garatuko ditu, “inprimatu beharreko egitura diseinatzeko helburuarekin”. Bioerreaktore baten (BioHeart) garapenean lan egingo du zentroak. Bertan, bihotzeko ehunak onduko dira txerri-bihotzera transplantatu aurretik.